martxelo otamendi
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Eztabaidaz eztabaida

2022ko martxoaren 6a
00:00
Entzun
Ezbai interesgarria zabaldu da Errusiak Ukrainan egin duen inbasioa nazioarteko ordena berri baten lehen urratsa ote den. Teoria horri babesa ematen diotenek bi seinale ikusten dituzte: eskuin muturra Europan hartzen ari den indarra, eta Vladimir Putinen jokabidea. Biak, joera baten adierazle osagarritzat jotzen dituzte, norabide berean doazen bi elementu osagarri.

Denbora beharko da ikusteko egiten duten iragarpena beteko denetz, baina arretaz segitzea komeni zaigu denoi. Diruaren bidez munduan agintzea maite dutenek ez dute eragozpenik jarriko, ordena berrian ere diruaren jabe izaten segitzen badute.

Beste eztabaida bat, hau aurrekoa baino ukigarriagoa, esku hartze militarraren inguruan sortu dena, ezkerrean bereziki. Iraken AEBek egindako inbasioen inguruan ahots bakarra atera zuen orduan ezkerrak. 2003. urtea zen, eta jendetza atera zen kalera Europako hirietan. Oker ez banago, denetan handiena Bartzelonan izan zen, apirilaren 15ean: milioi bat manifestarik hartu zuten parte.

Alde batetik, esaten dutenak kanpoko esku hartze militarrak gerra luzatu baino ez duela egingo, eta bi esparruotan bakarrik egin behar dela lan: laguntza humanitarioa bidali eta errefuxiatuak ondo hartu, eta diplomazia indartu. Beste aldetik, defenditzen dutenak Errusiak ezin duela egun bakar bat gehiago pasatu ukrainarrak hiltzen eta hiriak txikitzen, eta hori lortzeko esku hartze militarra beharrezkoa bada, inbasioaren aurka dauden herriek nazioarteko armada bat osatu beharko luketela berandu baino lehen. Beti ere, nazioarteko erakundeen oniritziarekin. Arazoa da Europako herrialdeak ez daudela prest soldadu bakar bat ere galtzeko errusiarren aurkako borroketan, eta armak erabiltzen ez dakiten Ukrainako herritarrei bidali nahi dizkietela. Zurikeria.

Ez dezagun ahaztu, hala ere, hamarkadetan Palestinan gertatzen ari dena. Israelek, 2008-2009an, mila palestinar baino gehiago hil zituen Berun urtua operazioan, eta Europak ez zizkien armak bidali palestinarrei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.