martxelo otamendi
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Sahara, ez aurrera ez atzera

2022ko martxoaren 27a
00:00
Entzun
Europa ez dago bi gatazkari batera aurre egiteko, Ukraina mendebaldean eta Sahara hegoaldean. Bati baino gehiagori irakurri diot egunotan zurikeriazko esaldi hori Espainiako Pedro Sanchezek Sahara, gezurretako autonomiaz jantzita, Marokoren mende erabat uzteko erabakiari azalpen bat eman nahian edo.

Haserre handia sortu du erabaki horrek Espainiako eta gure hiru herrietako sektore askotan, aspaldikoa delako sahararrekiko elkartasuna adin batetik gorako herritarrengan. Urteak daramatzate sahararrek Marokok 1975ean buru gainean jarri zien botatik libratu nahian. Espainiak, deskolonizazioaren ardura ez hartzean, zirrikitua erakutsi zion Hassan II.a Marokoko errege diktadoreari Saharaz jabetzeko.

Saharak urteak daramatza ez aurrera ez atzerako egoera batean, eta okerrena da garai batean nazioartearen babes eta laguntza handiagoa zeukala, militarra ere bai, sahararren ordezkari Fronte Polisarioak. NBEk —aurretik beste kasu batzuetan bezala, zoritxarrez— erakutsi du aginte gutxi eta operatibitate txikia dauzkala erakundearen erabakiak Marokori betearazteko.

Polisariokoek badakite borroka militarraren zelaian ezinezkoa daukatela Marokoko armadari irabaztea, Marokok azken urteotan asko indartu duelako armada, eta Polisarioak ia batere ez. Polisarioko eledunek behin baino gehiagotan jakinarazi dute belaunaldi gazteek presio handia egiten dietela berriro borrokari ekin diezaioten, eta gero eta zailago egiten zaiela arduradunei gazteei itxaropenezko argudioak ematea.

Aliatu sendoak dauzka Marokok AEBak eta Frantzia, eta lan diplomatiko handia egin du lagun berriak egiteko. Urteak daramatza estatu babesle berri horietako diplomazialariak Sahara okupatura gonbidatzen eta, horren ondorioz, lortu du 24 estatuk kontsuletxeak zabaltzea Saharan.

Azken hamarkadetako udetan gure herrietan familia solidarioek hartutako ume horiek merezi dute beste bizimodu bat, bere buruaren jabe izango den Saharan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.