martxelo otamendi
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Argitasunaren atea zabalarazi

2022ko urriaren 2a
00:00
Entzun
Aste honetako termino nagusia izan da, Kataluniako Parlamentutik gure herrialdeetara zabaldu ondoren zer esana eman duena: Argitasun Legea. Ness aintzirako piztia balitz bezala, agertu eta desagertu egiten da agenda politikotik proposamen hori. Hozkailuan sartzen da kanpoan hotz politiko handia egiten duenean, eta atera egiten dute kanpoko giroa bero dagoenean. Kataluniako presidente Pere Aragonesek aipatu du aste honetan, gatazkari irtenbidea eskaintzeko balio dezakeelakoan.

Printzipio orokorra interesgarria da, lege bat edukitzea Europako Batasunean independentzia prozesuak arautuko dituena.Alegia, zer baldintza bete beharko lituzkeen nazio batek bere estatutik bereizi eta estatu propioa sortzeko. Gustatuko zaigu, edo ez, edukiko duen mamia eta jarriko dituen baldintzak, baina kualitatiboki oso garrantzitsua da. Egote hutsak adierazten duelako Europako Batasuna prest dagoela gatazka nazionalak onartu eta denon artean irtenbide arautu eta betebeharrekoa ezartzeko. Orain arte egin ez duena. Kataluniako kasuan, «hori Espainia barruko arazo bat da» esaldi txepelean babestu zen ezer ez egiteko.

Gure herrian, 2017ko urrian eskatu zuen Urkullu lehendakariak argitasun lege moduko bat Quebecen eman zuen hitzaldi batean. Katalunian ere, aintzirako piztia bezala, agertu eta desagertu ibili da. Miquel Iceta sozialistak 2016an aipatu zuen, Comukoek 2017an eta 2018an, Xavier Domenchen eta JessicaAlbiachen ahotik, eta ERCk 2019an Roger Torrenten bidez.

Besterik da zer giro dagoen gaur Europako estatuetan ate hori zabaltzeko. Ez da sumatzen horren aldeko jarrerarik estatu nagusien aldetik, bi arrazoirengatik nagusiki. Lehena, inongo estatuk ez du erraztuko beste kide baten barruko nazioa bereiztea. Bigarrena, Europako estatu askok nazio berezituak dauzkate barruan, eta horrelako lege batek arriskuan jarriko luke estatu horien batasuna.

Lan handia egin beharko da, beraz, atea zabaltzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.