martxelo otamendi
GALEUSCAKO ZUZENDARIAK

Garaipena eta kudeaketa

2021eko otsailaren 21a
00:00
Entzun
Oso emaitza interesgarriak utzi dituzte joan den igandean Katalunian egindako hauteskundeek. Egoera berezian egin ziren, 2015ekoak eta 2017koak egin ziren bezala, nahiz arrazoia beste bat izan. Aurreko bietan egoera politiko polarizatuan zetzan berezitasuna. Duela astebetekoetan, pandemia izan da baldintzatzaile nagusia.

Emaitza onak lortu dituzte independentziaren aldeko alderdiek, beste behin erakutsiz joera hori nagusi dela botoa ematen duten katalanen artean. Huts egin du Sanchezek, Rajoyk 2017an egin zuen bezala. Gobernua osatzeko aukerarik gabe geratuko da Illa sozialista.

ERCk irabazi egin dio jokaldia Juntsi, baina gobernu berriak prozesua kudeatzeko hartuko dituen erabakietan ezin izango du alde handiago batek emango liokeen nagusitasuna ezarri. Gobernua elkarrekin osatzera behartuta daude, eta, behin osatuta, orain arte erakutsi duten baino adostasun handiagoz egin beharko dute lan, ez badituzte boto emaile asko erabat haserrearazi nahi. Igandean independentziazaletasunak lau eserleku irabazi zituen 700.000 boto gutxiago bilduta, eta duda egiten dut galdutako guztiak pandemiarengatikizan diren.

Gobernu barruko desadostasunak eguneroko kudeaketan denbora eta indar handia kentzen zien irudipena oso zabalduta egon da herritar askoren artean. Hala izan edo ez,pandemia eta horrek sortu dituen ondorioak ondo kudeatzea —inor bazterrean ez uzteko ahalegin berezia eginda— ez da aukera txarra dudan egon litezkeenei erakusteko independentziazaleak herritarrengandik gertu daudela, axola diela ahulen dagoen jendearen egoerak, eta ondo kudeatzen badakitela.

Asko kostatzen ari zaio independentziazaletasunari gora egitea ehunenekoetan, urratsa egiteko gertuen leudekeen boto emaileek, Comukoek, ez dutelako oraindik nahiko arrazoi ikusten aldaketa egiteko. Bide hori lantzen segitu beharko dute, igandeko emaitzek nabarmendu egin baitute ezkerrerako joera hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.