martxelo otamendi
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Nor altxatuko den, eztabaidan

2020ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
Aldiro-aldiro sortzen da, ez diote uko egiten egiteari, amore eman gabe segitzen dute. Gobernuak, eta benetan agintzen duten botereak, beti saiatu dira komunikabideak kontrolatzen eta, bidez batez, adierazpen askatasuna mugatzen. Modu zakarragoan sistema politikoaren arabera: oso modu bortitzean diktaduretan, eta finagoan demokrazietan.

Asteon jakin dugu lehenagotik nahiko katramila badaukan Espainiako Gobernuak gizartea gezurren bidez manipulatu nahi duten indar ezkutuak neutralizatu nahi dituela, eta horretarako batzorde bat sortuko duela, erabakiko duena, era sinple batez esanda, zer den egia eta zer gezurra. Asko hitz egin da azken urteotan bots delako horien bidez duela lau urte Errusiako Gobernuaren agindupeko informatikariek Donald Trumpen hauteskunde garaipenean eduki zuten eraginaz. Horrenbesterako izan al zen?

Kataluniako prozesuan antzekoa esan zuten, alegia, herritar asko autonomista oheratu eta independentziazale esnatu zirela bots horiek bidalitako mezuek eraginda. Ikusi dut jendeari tentela deitzeko modu leunagorik.

Zuzendarien artean gaudela baliatuta, harrigarria egin zait aste hauetan ikusi duguna AEBetako hauteskundeen harira. Trump presidentea frogarik gabeko iruzur salaketak egiten ari zela iritzita, CNBC, ABC, CBS, Fox kateek eten egin dute haren prentsaurrekoen zuzeneko emanaldia. Zuzena al da jokabide hori, Maria eta Vicent? Gure lanbidean azken urteotan sortu den eztabaidarik kitzikagarriena da, nire ustez.

Gezurrak esatea baino larriagoa iruditzen zait bere lana errespetuz egiten ari den kazetaria indarrez ateratzea prentsaurrekotik, eta hori egin zuten Trumpen segurtasunekoek, presidenteak kazetariaren galderak maite ez zituelako. Beste kazetarietatik inork ez zuen, elkartasunez edo, alde egin.

Aurrez aurreko elkarrizketa batean, altxa liteke kazetaria elkarrizketatua gezurrak esaten ari delako? Edo elkarrizketatuak altxa behar du kazetariak galdera zorrotzekin estutu duelako?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.