martxelo otamendi
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Justiziaren errebolta nazionalista

2020ko abenduaren 20a
00:00
Entzun
Kataluniako prozesuaren haritik, prestigio kolpe gogorrak hartu ditu Europan Espainiako Justiziak azken denboran, Auzitegi Gorenak hain zuzen. Gogoan ditugu denok Erresuma Batuko, Belgikako eta Alemaniako auzitegiek nola bota zituzten atzera Pablo Llarena instrukzio magistratuak auzitegi horiei egindako eskaerak. Euroagindua aplikatu, eta Generalitateko presidentea eta sailburuak Espainiaratzea zeukaten helburu eskaera horiek. Llarenak ez zuen bat ere lortu, eta kasu batzuetan ezezkoak sinatu zituzten magistratu europarrek erabilitako tonu gogorra irenstea beste erremediorik ez zuen izan.

Bi aukera zeuzkan Auzitegi Gorenak, gertatutakoak gertatuta. Lehena, buruarekin jokatuta, Europako Justiziaren arrastoan sartu, Europako zuzenbidea errespetatu eta justiziaren alorrean Espainiak sinatuta dauzkan akordioak bete. Derrigortuta baitago, nahi eta nahi ez, betetzera. Bigarrena, aitzitik, erraiei lehentasuna emanda, mespretxatu Europako Zuzenbidearen oinarrizko printzipioak, eta akatsak zuzendu nahi ez duenaren jokabidea bere eginda, erronka egitea Europari.

Asteon Auzitegi Goreneko zigor sala osatzen duten hamasei magistratuek, Manuel Marchena buru dutela, erabaki dute Auzitegi Nazionalak berriro egin behar duela Batergune auziko epaiketa. Berdin die Europako Giza Eskubideen Auzitegiak 2018ko azaroan epaiketa indargabetu izanak, eta erabaki horren ondorioz Auzitegi Gorenak berak ere 2020ko uztailean erabaki bera hartu izanak. Justiziaren errebolta nazionalista.

Begi bat, edo biak, Kataluniako prozesuaren sententziak Europan eduki lezakeen ibilbidean jarrita, gotorleku juridikoa hasi da prestatzen Auzitegi Gorena. Gorenaren nunca mais.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.