ZUZENDARIEN GALEUSCA

Noiz arte zatiketa giroan?

martxelo otamendi
2021eko otsailaren 7a
00:00
Entzun
Eskerrak Kataluniako Auzitegi Nagusiko magistratuek azkar hartu zuten hauteskundeen gaineko erabakia, hilaren 8a bitarteko epea eman baitzieten beren buruari erabakia hartzeko. Denok espero genuena erabaki zuten: datorren igandean egitea hauteskundeak.

Ez da gauza berria esatea zatituta eta oso harreman txarrarekin iritsi direla alderdi independentziazaleak hauteskunde hauetara, giro hori eduki baitute 2017ko urritik. Edo lehenagotik.

Distantziatik egoerak errazago eta sinpleago ikusten dira, eta seguru nago bai Quebecen —1995ean— eta baita Eskozian ere —2014— edukiko zituztela beren arteko eztabaidak, desadostasunak eta hitz potoloak. Baina Katalunia gertuago daukagunez, geografian eta buru-bihotzetan, askoz ozenago iristen zaizkigu gure lagun katalanen artekoak. Askotan galdetzen digute kazetarioi Kataluniako prozesuaren etorkizunaz, eta ezin erantzun baikorrik eman alderdi independentziazaleen arteko zatiketa eta ezin eramana ikusita: «Ez dira urrutira iritsiko batasunean jardunda ez bada».

Prozesuaren hasieran esaten ziguten politologo katalanek ez genuela kezkatu behar zatiketa giro txarragatik, ohikoak zirela horrelako prozesuetan, eta krisi hori pasatakoan itzuliko zirela prozesuaren hasierako elkarlan girora.

Nago ni asko luzatzen ari dela argitzeko denbora hori, eta jakin nahiko nuke alderdietako arduradunen arteko ezin ikusia iritsi ote den militanteengana eta, are okerrago litzatekeena, alderdietako kide ez diren herritar independentziazaleengana. Txalogarria izan da prozesuaren hasieratik herrietan egon den elkarlana, ondokoari galdetu gabe nongoa zen, nondik zetorren eta nori ematen zion botoa. 2013ko Diadan egindako giza kateak ondo islatu zuen elkarlan giro hori, orain ez dagoena.

Oso zabalduta dago zatiketa horrek igandeko emaitzetan eduki dezakeen ondorioaren kezka. Bakarrik falta da aurreneko aldiz gainditzea %50eko langa mitikoa, eta inoiz baino zatituago egotea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.