martxelo otamendi
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Beriain eta Fraile gogoan

2021eko maiatzaren 2a
00:00
Entzun
Espainiako egoera politiko tentsionatuarekin pentsatuta neukan gaurko zutabea egitea, edo Kataluniako Gobernua osatzeko negoziazio zail bezain eternoekin, baina gure herriko bi kazetari hil zituzten Burkina Fason asteartean, eta, kazetarien arteko mahai honetan, lehentasuna eman nahi diot bi profesional konprometitu horien heriotzari.

Urtero esaten diet udan erredakziora praktikak egitera datozen kazetaritzako ikasle gazteei gurea, kazetaritza, munduko lanbiderik ederrena dela; eta asmatu egin zutela unibertsitate ikasketa guztien artean kazetaritzaren aukera egin zutenean, ez direla aberastuko baina merezi duela.

David Beriain eta Roberto Fraile ikus-entzunezkoetako kazetariak hil zituzten asteartean, nola eta zergatik gertatu zen argitzeko denbora beharko duen eraso batean. Biek ala biek lankideen errespetua eta mira irabazia zeukaten urteetan egindako lan profesionalaren eta konprometituaren ondorioz. Mundu osoko gatazketako lehen lerroetan ibiliak, bere gain hartzen zuten arriskuaz ohartuagatik, eutsi egin zioten bere bokazioari: bakarren batzuek ezkutatu nahi dituzten errealitateak agerian jartzea.

Oso muturreko egoeretan egiten dute lan Beriain eta Fraile bezalako kazetariek, guk etxeko besaulkiak eskaintzen digun patxadan haien lanak ikus ditzagun. Kasu askotan, gainera, gezurra ematen badu ere, oso egoera prekarioan, lan finkorik gabe eta egindako lanak diru gutxiren truke salduz. Gure lanbidearen kontraesana; zenbat eta gogorrago egoera, orduan eta lan baldintza okerragoak.

Gure lotsarako, bahitzen edo hiltzen dituztenean bakarrik gogoratzen gara kazetari horiekin, ez haiek hartutako irudiak ikusten ditugunean. Ez litzateke ariketa txarra izango horrelako irudiak ikusten ditugunean, une batez besterik ez bada ere, gogoratzea bere bizitza arriskuan jartzen ari diren kazetariek egindako lana dela.

Gertatuak gertatu, aurtengo udan ere praktiketako ikasleei esango diet kazetaritza munduko lanbiderik ederrena dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.