martxelo otamendi
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Putin, galdutako inperioaren bila

2021eko ekainaren 20a
00:00
Entzun
Asteko argazkia izan da; astekoa, edo urtekoetako bat: Joe Biden eta Vladimir Putin Genevan batzartuta. Oraindik ere, baina garai batean baino gutxiago, munduan nagusitasun handia daukan AEBetako presidentea lehena, eta parean, izan zena eta berriro izango ez dela ezin irentsiz dabilen Errusiako presidentea. Handik milaka kilometrora, te epela hartzen dutenen patxadarekin, NapoleonBonaparteren hitzetan «lotan dagoen lehoia»-ren presidentea, Xi Jinping txinatarra. Bileran egon zen, baina egon gabe.

Erraz ulertzen da Errusia garai bateko potentzia izatera eraman nahi duen Putin nola edo hala presentzia bila jardutea. Joan den mendeko azken hamarkadan Sobietar Batasuna pitzatu zenetik, nabaria da errusiarrek munduko xake taulan galdu duten posizioa. Washington-Mosku ardatz militar klasikoa zenak bigarren partaidea galdu du, Mosku, Pekini lekua utzia.

Ardatzaren jitea ere aldatu da, militarra zen ardatza nagusiki finantzarioa da gaur egun, bigarren osagaiaren estrategiaren ondorioz; lehoi esnatuek ez baitute nagusitasun militarra bilatzen munduan. Bai, aitzitik, ekonomiaren bidezko nagusitasuna. Eta asko aurreratu dute azken hamarkadotan; galdetu bestela Hego Amerikan eta Afrikan.

Errusiak zailtasun handiak dauzka joko zelai berritu horretan bere burua agertzeko. Lehia militarra zen bitartean eroso zegoen Errusia, bateko misilak eta besteko armadak zirelako indarraren neurgailu nagusia: botoi gorria. Errusia potentzia ekonomiko handia da estatu handia delako, energia baliabide handiak dauzka —petrolioa eta gasa—, baina oso ekoizpen gutxi saltzen du kanpora, eta ez da erreferentzia aurrerapen teknologikoetan. Horrela oso zaila da mundu mailako potentzia izatea.

Zer geratzen zaio Errusiari nor izateko munduan? Zibereraso politiko eta ekonomiko askoren jatorria Errusian ote dagoen ari da zabaltzen gero eta gehiago, eta eragilea da oso tokian tokiko krisietan, Ukrainan bereziki. Askoz gehiago ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.