martxelo otamendi
GALEUSCAKO ZUZENDARIAK

Katalana orain, euskara gero?

2021eko azaroaren 28a
00:00
Entzun
Duela 18 urte, Espainiako Auzitegi Nazionalak Euskaldunon Egunkaria itxi zuenean, Katalunian gertatu zen Euskal Herritik kanpoko elkartasun mugimendurik handiena. Leku askotan, Herrialde Katalan guztietan alegia, antolatu zituzten ekitaldi jendetsuak.

Esan beharrik ez dago elkartasun horren arrazoi nagusia euskarari eta prentsa askatasunari egindako erasoa salatzea izan zela; baina, Euskal Herrian gertatu zen bezalatsu, Kataluniako ekitaldi horietara joandako jende askoren helburua, bigarren helburua,izan zen euskarari babesa ematearekin batera katalanaren aurka irits zitezkeen erasoei pareta igaroezin bat jartzea. Katalan hizkuntzaren, katalanezko kulturaren eta komunikabideen aurka etor zitekeen erasoa ekidin nahian bezala.

Kataluniako Auzitegi Nagusiak lehendabizi, eta Espainiako Auzitegi Gorenak orain, etorri da katalanaren erabilera eskoletan murrizteko agindua. Hemendik aurrera, derrigorrez, eskola orduen %25 gaztelaniaz eman beharko dituzte eskoletan, 1.500.000 ikasle hartzen dituen sistema batean 80 familiaren eskaera ontzat hartu dutelako epaileek.

Kataluniako eskola sisteman erabilera hizkuntza, gelan eta gelatik kanpo, katalana izango zela 1983an lortu zen adostasuna pitzatu egiten du erabaki horrek. Gaur egun katalanak daukan indar soziala ezin da ulertu murgiltzea esaten zaion lan metodologia hori gabe, nahiz beste faktore batzuek ere asko lagundu duten horretan: herritarren jarrera, katalanezko komunikabideak... Baina eskola izan da eragilerik unibertsalena, denengana iritsi delako.

Espainiako Auzitegi Gorena horrelako erabaki bat hartzera ausartzen bada non eta Katalunian, 8 milioik dakiten hizkuntza izanik katalana, zer ez ote du pentsatuta edukiko egitea katalana baino dezente txikiagoak diren galizierarekin eta euskararekin.

Lagun diezaiegun katalanei epaitegien eraso hau gelditzen, modurik eraginkorrena izango delako epizentroa Madrilen daukaten uhinak gurera ez iristeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.