Athleticek azken ahalegina behar du gorakada biribiltzeko

Valladolid, jaitsiera postuetan dagoen taldea, gainditzen ahaleginduko da Europarako lehian sartzeko. 2.000 athleticzale izango ditu alboan

Yuri Berchiche Athleticeko atzelaria, atera jaurtitzen, Levanteren aurkako partidan. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
haritz gallastegi
2019ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Athleticek gertu dauka Europa. Liga amaitzeko geratzen diren hiru jardunaldietan lau puntu irabaziz gero, duela lau hilabete ezinekoa zirudiena lortuko du. Lau hamarkada pasatu dira lehen itzuliaren azken txanpan sailkapenaren zuloan zegoen talde batek Europan lehiatzeko aukera eskuratu zuenetik —Sevilla izan zen 1980ko hamarkada hasieran—. Gaizka Garitanok eta harenlantaldeak egin dutena handia da. Jokalarien txipa aldatu eta aste gutxitan talde galtzaile bat irabazle bihurtzea gaitza baita oso. Entrenatzaileak taldeari eginiko ekarpenari ezin zaio aitzakiarik jarri, eta, horri esker, datorren sasoiko proiektua hasieratik zuzentzeko aukera irabazi du.

Hala ere, taldeari lana biribiltzea falta zaio. Athleticek eskura baitauka Europan aritzeko txartela. Alde horretatik, anbizio mezuak zabaldu dituzte talde barrutik. Ibai Gomezek edota Mikel San Josek Txapeldunen Liga jokatzeko txartela eskuratzeko aukera ere aipatu dute. Dani Garciak, berriz, hankak lurrean jarri ditu, eta helburu eder baina, era berean, apalagoen gainean jardun du. Seguruenik, euskarri gipuzkoarraren mezua izan da orekatuena, baina taldean dagoen ilusioak eta ligan dagoen parekotasunak onenean eta txarrenean jartzeko aukera ematen du.

Partida errazik ez dago Lehen Mailan. Horregatik, zuri-gorriek azken asteetako lehiakortasunari eutsi beharko diote Zorrillan. Valladolid jaitsiera postuetan dago,eta nahitaez lortu behar du garaipena. Horrek motibatu egingo du etxeko taldea, eta, era berean, urduri ere jar lezake gauzak okertuz gero. Bestalde, ikusi egin behar nola egiten dion aurre partidari Mateu Lahoz epaileak. Valladoliden oso haserre daude epaileen lanarekin, eta lupaz jarraituko dute. Athletici dagokionez, Garitanok futbolari garrantzitsuak berreskuratuko ditu: Capa, Yeray, Ibai eta Dani Garcia osatu dira.

VALLADOLID-ATHLETIC

Valladolid. Masip; Moyano, Kiko Olivas, Calero, Nacho Martinez; Oscar Plano, Alcaraz, Herrero, Waldo; Sergi Guardiola eta Enes Unal.

Athletic. Herrerin; Capa, Nuñez, Iñigo, Yuri; Dani Garcia, San Jose, De Marcos, Raul Garcia, Cordoba; eta Williams..

Epailea. Mateu Lahoz.

Lekua. Jose Zorrilla (26.512 ikusle).

Ordua. 18:30ean (Bein La Liga).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.