Donostiako 69. Zinemaldia. Zuzendari Berriak. KRITIKA

Zerrendak eta beldurrak

Uxue Arzelus Lasa.
2021eko irailaren 22a
00:00
Entzun
'Inventura / Inventory'

Zuzendaria: Darko Sinko. Herrialdea: Eslovenia.Iraupena: 106 minutu.

Boris gizon arrunta da. Emaztearekin bizi da eta unibertsitatean ekonomia irakasle laguntzailea da. Semea eta bi biloba ditu. Bizitzak ez dio gorabehera askorik ematen. Gau batean, ordea, etxean dagoela, norbaitek bi aldiz tiro egingo dio. Eta onik atera arren, gertakari horrek hankaz gora jarriko du bere eguneroko bizitza lasaia.

Gutxinaka haziz doan filma da Inventory. Protagonistaren bizitza baretik hasi, eta amaierako ezinegonera arte garatuz doa istorioa. Eta Borisen bilakaera bikain erretratatzen du Darko Sinko zuzendari eta gidoilariak. Ia aspergarria den errutina bat daraman gizonaren lasaitasunetik abiatzen da; ardura bakarra haragi gehiago erosi beharra eta proiektorea unibertsitateko ikasgela batetik bestera eramatea duen errutina bat. Tiroketaren ondoren, ordea, poliziak susmagarrien zerrenda bat, inbentario bat, egiteko eskatuko dio, eta hor hasiko dira mesfidantzak. Beldurrak eta segurtasunik ezak eragindako paranoia batean murgilduko da Boris, eta gu haren atzetik.

Sinko esloveniarraren zuzendaritza eta gidoiaz gain, nabarmentzekoa da aktore protagonistaren lana: gizon on, umil, zintzo bat zena beldurra eragiten duen pertsona bihurtzen da, baina bilakaera horren ondo dago eraikia, ezen guztiz ulergarria egiten zaigun eta harekin enpatizatu ere egiten dugun. Soinu banda ere aparta iruditu zait.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.