martxelo otamendi
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Geldirik dago baloia

2020ko azaroaren 22a
00:00
Entzun
Ez dugu orain deskubrituko eliteko kirolak gure gizartean jokatzen duen papera, gero eta gehiago hazi dena azken hamarkadotan. Diru kopuru handiak mugitzen ditu, jende gehien biltzen duen ordainpeko entretenimendua da, eta ikusgarritasuna ematen die estatu egiturei.

Salbuespen batzuk kenduta, estatuek bakarrik har dezakete parte nazioarteko lehiaketetan. Horregatik dira bigarren mailakoak Kataluniako, Galiziako eta Euskal Herriko kirol selekzioak. Baita sorburua gure herrietako batean daukaten kiroletan ere: pilota. Euskal Pilotaren Nazioarteko Federakuntzak izen ofiziala daukan erakundeak antolatzenduen Munduko Txapelketan gure herriko selekzio nazionalak ezin du parte hartu, Espainiako Federazioak betoa ezartzen diolako. Hartaraino dago onartuta pilota gure kirola dela, All India Pelota Vasca Federation deitzen dela ingelesez Indiakoa.

2-1 irabazi dio asteon Euskal Herriko futbol selekzioak Costa Ricakoari. Harmailak hutsik zeudela jokatu dute partida, pandemiak eraginda. Baina COVID-19a iritsi baino lehenagoko gaitz batek jota dago gure futbol selekzioak nazioarteko txapelketa ofizialetan parte hartzeko nahia. Urruti geratu dira gure zelairik handienetako harmailak zalez betetzen ziren garaiak; azken urteotan gero eta jende gutxiago bildu da partida horietara. Zergatik? Zaleak nekatu direlako bere burua Espainiako estatuaren egiturek altxatutako paretaren aurka jotzen, ez dutelako erakunde publikoen aldetik jarrera sendorik ikusten, eta gure selekzioen ofizialtasunaren aldeko erreibindikazio festa zirenak partida huts bihurtzeko ahalegina nagusitu delako. Alegia, asko ez molestatzea.

Ez dakit zehazki zenbaterainoko indarra daukan zuen herrietan, Maria eta Vicent,selekzio ofizialen aldeko eskaerak azken bizpahiru urteotan, baina esparru horretan mugimendu handirik sumatu ez dudanez, pentsatzen dut gurearen pare ibiliko direla. Argigarria izan da asteon Aritz Aduriz jokalari erretiratu berriak selekzioa babes zezaten zaleei egindako deia. Geldirik dago baloi hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.