martxelo otamendi
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Eroso egotea helburu?

2020ko abenduaren 6a
00:00
Entzun
Ez da gaurkoa eztabaida, eta, argibide errazik ez daukanez, luze iraungo du. Zein da biderik eraginkorrena independentzia lortu nahi duen nazio batentzat: askatasunik ematen ez dion estatu batean egotea, edo eroso egoteko aukera ematen dion estatu bateko parte izatea?

Ez dago, noski, arrazoi bakarra independentea izateko, baina independentziazaletasun erreaktiboa izan da historikoki nagusia. Alegia, gauden estatuak zapaltzen gaitu —askatasun formalak, hizkuntza, kultura, ekonomia...—, eta nor izateko bide bakarra estatu horretatik alde egitea da. Baina azken urteotan, Kataluniako prozesuan batik bat, sortu dira argudio berriak orain artekoetan entzun gabekoak: demokraziaren eredu txarra, bizitza kalitatea...

Oso adierazgarria da Espainiako Kongresuko mintzalekuan katalana, galegoa, euskara... hitz egiteko dagoen debekua. Jarrera bera daukate estatuaren hizkuntza ez diren beste hizkuntzekin Frantziako Asanblea Nazionalean, Erresuma Batuko Westminsterren, AEBetako Kongresuan…

Barruan hainbat hizkuntza errealitate dauzkaten estatuek ez dute usu oso bizkorjokatu. Normalean jarrera ukatzailea eduki dute, uniformatzailea; arrisku gutxiko aktibitatea onartu diete, baina normaltasunetik urruti. Ez al da, ordea, bizkorragoa, estatuaren batasunari eustea helburu daukan politikaren ikuspegitik, errealitate horiek onartu eta erabateko normaltasuna aitortuko dien estrategia? Estatuan eroso egoteko aukera eskaini, eta estatuaren kide kolaboratzaile izatea erraztu. Horrek ematen du biderik emankorrena independentziazaletasun erreaktiboa indargabetzeko.

Espainiako Kongresuan dauden hamar alderdik —BNG, EAJ, EH Bildu, JxCat, PDCAT, ERC, CUP, Compromis, Unidas-Podemos etaMas Madrid-ek— «hizkuntza eskubideak eraginkorki erabiltzea ahalbidetuko duen politika aktiboak» abiatzeko eskatu diote Espainiako Gobernuari. Imajinatzen al duzue Madrilgo metroko seinaleak gazteleraz, katalanez, galegoz, euskaraz? Ez dut uste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.