ZUZENDARIEN GALEUSCA

Eta orain, Erdoganen zuriketa

martxelo otamendi
2022ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
Bizkor ibili da Turkiako presidente Recep Tayyip Erdogan, Errusiak Ukrainan egin duen inbasioak bakegile itxura egiteko eman dion aukera baliatzeko orduan. Herritarren giza eskubideak gehien urratzen dituzten estatuburuen zerrendan goi postuetan dago Erdogan; turkiarren eskubideak eta historikoki Turkiak menderatuta dauzkan kurduen eskubide nazionalak zapaltzen ari delako kargua hartu zuen lehen unetik.

Ez daukagu ahalegin handia egin beharrik asmatzeko zer sentituko duten Turkiako herritar progresistek eta kurduek ikusten dutenean Erdogan zapaltzailea, Errusiako eta Ukrainako ordezkaritzen elkarrizketak antolatzeaz gain, negoziazio saioen aurretik bakearen aldeko mintzaldi zuritzailea ematen. Nor eta Erdogan, aurkaririk onena lurpean dagoena dela diotenekin bat egiten duena praktikan.

Turkia NATOko kide izateak erakusten du, nahi eta komeni denean, gerra elkarte horretako ateak zabalik daudela baita baldintza demokratikorik oinarrizkoenak betetzen ez dituzten estatuentzat ere. Mendebaldeko balioak kontzeptua hitzetik hortzera erabiltzen dute partaideek beren estatuen nagusitasun morala erakutsi nahian, baina printzipio hori txikituta geratu da Turkiaren jokabidearekin. Balioak barik interesak kudeatzen ditu Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeak, batik bat kide nagusi diren AEBen interes estrategiko eta ekonomikoak.

Itxaropen handia sortu zien NATOk Errusiaren asmo hedatzaileen beldur ziren ukrainarrei: Ukraina sartuz gero, munduko gastu militarren erdia baino gehiago biltzen duen erakundearen babesa edukiko zuten. Orain ikusi dugu babes hori ez dela benetakoa izan, estatubatuarrak, europarren konplizitatearekin, armak erabiltzen ez dakiten herritarrei armak bidaltzera mugatu direlako, haiek bere kuarteletan lasai geratzen diren bitartean.

Munduan agintari nagusi izateko lehian dauden bi herri horiek, AEBek eta Errusiak, paradoxikoki, ez diote inoiz elkarri tiro bat bota.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.