KRITIKA. Antzerkia

Galdera ezerosoak

Beste mugarri bat da antzezlana Metrokoadrokaren ibilbidean.
Beste mugarri bat da antzezlana Metrokoadrokaren ibilbidean. KAULDI IRIONDO

Agus Perez

2017ko urriak 6

'Miss Karaoke'

Konpainiak: Metrokoadroka, Pez Limbo. Testuak: Oier Guillan. Zuzendaritza artistikoa: Oier Guillan, Javier Barandiaran eta Metrokoadroka. Kartela, estetika orokorra eta jantziak: Idoia Beratarbide. Antzezleak: Javier Barandiaran, Unai Lopez de Armentia, Marina Suarez Ortiz de Zarate, Iñaki Ziarrusta. Lekua: Nafarroako Antzerki Eskola (Iruñea). Eguna: Urriak 4.

Ezpainetan elkarri musu eman, arrakasta faltsuaren bilaketa konpultsiboa, geure burua definitzeko hartzen ditugun arriskuak, zer aukeratu dezakegun eta zer aukeratzen dugun. Edo, beharbada, zerk aukeratzen gaituen. Zer dago gure esku eta zer ez, dela jaiotzez daukagulako dela bizitzan emandako pausoak atzeraezinak direlako. Gorputzaren alorrean zer den hegoaldea. Hizkuntzaren alorrean zer diren gutxiengo gutxitua eta gehiengo gehiengotua bezalako kontzeptuak. Horiek eta beste galdera pertinente asko egiten du Iruñeko jaialdiaren barruan ikusi berri dugun Miss Karaoke antzezlanak.

Metrokoadroka kolektiboak hasieratik hartu zuen bide abangoardistan Poza, Su izan nahi, Arra arraroa, Herioa heroi, Mister Señora… beste mugarri bat dugu honako hau, baina oraingo nobedadea da beste izen batzuk gehitu direla azken emaitza eszenikoan. Oreretako taldearen inguruan ohikoak diren Idoia Beratarbide, Asier Sarasola, Jabi Barandiaran eta Oier Guillan ibili dira ekipo artistikoan, eta taula gainean lau antzezle parekatu ikusi dugu: Iñaki Ziarrusta animalia eszeniko bizkaitarra eta Gasteizko Baratza aretotik dabiltzan Unai Lopez de Armentia eta Marina Suarez Ortiz de Zarate izan dira haietariko hiru. Iruñeko emanaldian ezin izan da jatorrizko laugarren laguna egon Javier Fernandez, eta Javier Barandiaran lur orotarikoak bete du haren rola, bere betiko efikaziarekin eta erabat integratuta taldean.

Antzerki-ostearen eremuan kokatu ziren aspalditik kolektiboaren lanak, eta oraingo hau bide beretik doa, ohiko antzerki logikoaz aspertuta gaudenon gozamenerako eta ikusle berri askoren plazererako. Oier Guillanen testu eta galdera ezerosoak oinarri —poesia-ostearen eremuan kokatuko nituzke nik—, ganoraz konbinatu dira ekintza eszeniko fisikoak eta testuak, musika pasarte esanguratsuak eta pantailan proiektaturiko irudiak. Izan ere, aipamen berezia merezi du irudien erabilerak, aktoreak elkarreraginean ibili direlako haietariko batzuekin —Raffaella Carra, Franco Battiato...—, eta beste batzuetan Guillan bera agertu delako, ama alboan zuela Granadako aitonaren gogorapen bitxiak eszenara ekartzen zituen bitartean. Arbasoak dira, zalantzarik gabe, gure identitatearen parte.

Benetako performanceetan bezala, funtsezkoa izan da lau aktoreen inplikazioa proposamenaren garapenerako. Emanaldian zehar eskuzabal banatu dira umore absurdua eta gorputzekin eraikitako pasarteak, eta haien artean irudi artegagarri batzuk tartekatu dira, batez ere amaiera aldera, erabateko isiltasunean eta biluztasunaren bidez identitateari buruzko gogoeta plastiko sakonak etorri direnean.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna