Musika. Little Richard

Aitzindari tentsioa igotzen

Rock-and-rollaren sortzaileetako bat izan zen 1950eko hamarkadan, Chuck Berry eta Jerry Lee Lewisekin batera. Lorratz sakona utzi du musikaren historian, baita, zehatzago, AEBetako herri musikaren esparruan ere.

ANNA BLEKER.
itziar ugarte irizar
2020ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
Richard Wayne Penniman (Macon, Georgia, AEB, 1932), sortze izenez, 1950eko hamarkadan hasi zen lehenengoz begiztatzen Little Richarden izenak hartuko zuen izar forma. Tutti frutti, Lucille eta Good Golly Miss Mollyabestiekin jo zuen goia hastapeneko garaietan, eta berak ere aitortzen zuen: «Orduan hasi zen rock-and-rolla estreinakoz zabaltzen». Gospel musika eta rhythm and blues doinuak —biak kultura beltzaren ikur— hartu, tentsioa igo, eta estatubatuar zurien artean bogan zen popa uztartu zituen. Eta soinu berri bat ekarri: piano indartsu eta ahots marrantatu batekin osatutako melodiekin. Atzo hil zen, 87 urterekin.

Rock-and-rollaren generoak aurrendaririk izan bazuen, Richard izan zen nabarmenetako bat, Chuck Berry eta Jerry Lee Lewisekin batera. Haren lanak rol garrantzitsua jokatu zuen musika genero berrien sortzean, soularen eta funkaren kasuan, esaterako; bai eta, halaber, musikari belaunaldi berriei bideak irekitzean ere. Elvis Presley, The Rolling Stones, The Beatles, David Bowie eta bestek aitortu izan dute Richardek eurengan izandako eragina. Musikari afro-amerikarra, baina, gutxietsia sentitu izanaz mintzatu zen maiz, kritiko historia nor eta nola idazten ari zen eragatik. Hala berretsi zuen 2005ean Gijonen (Espainia) izan zenean: «Guk, jende beltzak, sortu genuen rock-and-rolla. Elvis ikaragarria zen, baina ez zen izan sortzaile bat; ez zen txarragoa horregatik. Baina orain berdin gertatzen ari da Eminemekin eta raparekin, zeina beltzek sortutako beste estilo bat den».

Zuzenekoetan erakusten zuen gertutasunak eta dinamismoak lagundu zioten hasieratik jendearen berotasuna bereganatzen. Jarrera estetiko ezohikoarekin ere bereganatu zituen fokuak: begiak margotuta, makillaje dirdiratsuekin eta kolore biziko jantziekin agertu ohi zen, genero arau zurrunak desafiatuta.

Eliza eta drogak bidean

Hamabi seme-alabetan hirugarrena izan zen Richard. Aitarengandik baino, amarengandik gertuago egon zen beti, eta hari esker jaso zituen piano eskolak. Etxean ez zela rhythm and bluesik onartzen kontatzen zuen urteetara, Bing Crosby eta Ella Fitzgerald baino ez zirela entzuten. 13 urte zituela, aitak etxetik bota zuen, atzeman zizkion homosexualitate zantzuengandik aztoratuta. Tabernetan eta kale bazterretan hasi zen jotzen, eta bikote zuri baten bidetik heldu zen aurrenekoz klub batean kantatzera.

1950eko hamarkada heldu, eta, lehiaketa bat irabazita, bere lehen kantuak grabatu zituen; hasieran nahiko oharkabean igaro ziren. 1953an, The Upsetters taldea sortu zuen, baina horrek ere ez zuen arrakasta aipagarririk izan. Taldea utzi, eta izen oneko musikariekin batera aritzeko proposamena egin zioten: lehen saiakerekin epel utzi zituen ingurukoak, geldialdi batean Tutti Frutti inprobisatzen hasi zen arte. Hitzak, ordea, lizuntzat jo zituzten, eta onomatopeia gisako estribillo batera aldarazi zioten: «Tutti Frutti, all rooty, a-wop-bob-a-loon-bop-a-boom-bam-boom». Funtzionatu zuen, eta urte haietako kantu arrakastatsu gehiago ontzeko formula bihurtu zuen .

Handik gutxira, eta ezustean, agertokietatik desagertzea erabaki zuen. 1957a zen, eta apaiz protestante bihurtzeko bideari ekin zion. 1962an itzuliko zen, Erresuma Batuan bira arrakastatsu bat eginez, tartean The Beatlesekin arituz. Bere lan aupatuenen bertsio berriak grabatu zituen, eta, bitartean, bota egin zuten bere elizatik, gehiegizkotzat jo ziren droga kontsumo eta sexu praktikengatik. Itzuli egingo zen handik denbora batera.

80ko urteak ziren musikara dedikazio osoz itzuli zenean, Jainkoak hala agindu ziolakoan. Zenbait pelikulatarako egin zuen lan; aipagarriena, Down and Out in Beverly Hills filmerako idatzi zuen Great Gosh A' Mighty! kantua. Fokupera itzuli zen harekin, eta 2013. urtean jakinarazi zuen bazihoala oholtza gaineko jardunetik. Hainbat sari jaso zituen azken bi hamarkadetan, musikaren historiari egindako ekarpenagatik, baina baita beste aitortza batekin ere: musika zerrendetako eta emanaldietako arraza bereizkeria gainditzen eragin izanagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.