Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

Berria.eus

Gizartea Txintxirri ikastola. «Ebaluazioa ez da helmuga, abiapuntua baizik»

Publizitatea

Gizartea

Hezkuntzako ebaluazioa. Eredu alternatiboak

Txintxirri ikastola. «Ebaluazioa ez da helmuga, abiapuntua baizik»

Azterketak heziketaren erdigunean jarri beharrean, hobetzeko baliabide gisa erabiltzen dituzte Elorrioko ikastolan. Haur eta gazteen ikasketa prozesuaren aldagai guztiak ebaluatzen dituzte.

2017-02-19 / Ion Orzaiz

Ohiko ebaluazio metodologiatik aldenduta, «konpetentzien araberako» eredu pedagogiko propioa garatu du Elorrioko (Bizkaia) Txintxirri ikastolak. «Pertsona buru askeak heztea dugu helburu, beren burua eta ingurua ezagutzeko, ikasten jarraitu ahal izateko, bizitzan izango dituzten erronkei eta arazoei irtenbide egokiak bilatzeko tresnak eta baliabideak eskura ditzaten», azaldu du ikastolako zuzendari den Amaia Gutierrezek.

Elorrioko ikastolak 1968ko urtarrilaren 12an zabaldu zituen ateak, eta, garai hartako beste ikastola askok bezala, zailtasun eta oztopo ugari gainditu behar izan zituzten proiektua gauzatu ahal izateko: euskararen aurkako jazarpena, baliabide ekonomikoen eskasia eta egoitza duin bat atontzeko beharra. 1972an, azkenik, marianisten egoitza izandako Txintxirri jauregia eskuratu zuen ikastolak.

Hasieratik beretik, helburua garbi zutela diote ikastolako arduradunek: «Euskararen mundutik irakaskuntza aurrerakoia eskaintzea». Hasierako xede horren jarraipena da egungo planteamendua ere, «pedagogia aktiboan» oinarria duena. Ikasle bakoitzaren ezaugarri, adin eta berariazko ahalmenetara egokitutako metodologia da.

«Hezitzailea bidelagun izanik, pertsona aktiboak jartzen ditugu ikasketa prozesuaren ardatzean. Eta horretarako, etengabeko hobekuntzan oinarritutako ebaluazio prozesua diseinatu dugu, ebaluazioa ez baita helmuga, abiapuntua baizik», gaineratu du Gutierrezek.

Txintxirri ikastolan, ebaluazio prozesua ez da azterketetara eta kalifikazioetara mugatzen, heziketa prozesua osatzen duten osagai gehienen jarraipenean oinarritzen delako: irakasleak, hezitzaileak, espazioak, metodologia, baliabide materialak, familiarekiko hartu-emanak... Hiru urratsetan egiten dute elementu horien guztien ebaluazioa: informazioa biltzen dute, horren azterketa eta balorazioa egiten dute, eta, azkenik, erabakiak hartzen dituzte.

Lehen fasean, ikasleen heziketa prozesuaren inguruko informazioa jasotzeko garaian, «behaketa zuzena» lehenesten dute Txintxirriko arduradunek, beste baliabide batzuk baztertu gabe: «Ikasleak nola moldatzen diren ikusi behar dugu, jolas askean, talde lanetan edota eguneroko jardueretan. Azterketak? Informazioa biltzeko beste tresna bat da». Jasotako informazio hori hezitzaileen artean aztertu eta hezkuntza hobetzeko erabiltzen dute: «Ikaslearen garapenean parte hartzen dutenen arteko balorazioa egiten dugu, irakasleok ikasleei eskaintzen dieguna, horrek haiengan duen erantzuna baloratuz. Eta hauteman diren indargune eta ahulguneetan oinarrituta, zer mantendu, hobetu eta moldatu behar den erabakitzen dugu, elkarlanean».

Publizitatea

Sortu kontua
Ion Orzaiz Ion Orzaiz

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak