Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

Berria.eus

Mundua Emakumeez eta jainkosez

Publizitatea

Mundua

Emakumeez eta jainkosez

Indian, emakume bat bortxatzen dute 14 minututik behin. 2014an, 36.735 bortxaketa salatu zituzten; haietatik 2.543 taldean egin zituzten. Datuek argiro erakusten dute nolako inpunitatea dagoen: salaturiko bortxaketen %28 bakarrik zigortzen dituzte.
2012. urteaz geroztik %43 handitu da bortxaketa kopurua Indian, eta ehunekoa hiru halako da hiriburuan, Delhin.
Argazkia: MARTA VILANOVA

2016-01-12 / Gloria Barrobes

Durga Puja erlijio festa bat da, Indiako garrantzitsu eta jendetsuenetako bat, eta munta berezia du Mendebaldeko Bengala estatuan eta Kalkuta hirian. Durga jainkosa Mahishasur deabruari gailendu izana ospatzen dute jai horretan: Shivaren emazte Durga omentzeko, zeina urtero senarra Himalaiako etxean utzi eta familia bisitatzera joaten baita, pandal izenekoak eraikitzen dituzte: egitura arrunt handiak dira, zinez ikusgarriak, eta barrenean pratima egoten da, hau da, Durgaren irudia, deabru-bufaloa akabatzen ari dela, bere seme-alaben ondoan. Jaialdiaren azken egunean, pratima horiek ibairaino eramaten dituzte, segizioan, eta uretara botatzen. Hala, bukatutzat ematen dute zikloa, hurrengo urtera arte. Kalkuta hiria aldarriak egin zalea da, eta ezagun du, pandal horietarako aukeraturiko gaiak ikusirik. Azkeneko aldian, Behala Friends elkarteak kaiola handi-handi bat egin zuen, mezu garbi bat zuela: «India kartzela bat da emakumeentzat». Elkarteko horretako kide Sutripti Daitak azpimarratu du nolako kontraesan handia den jaialdi batek eta herrialde batek jainkosa bat gurtzea eta, aldi berean, emakumeei gehigikeriak egitea bata bestearen atzetik, oso modu kezkagarrian.

Indiak gogora ekarri du berriro Jyoti Singh-en kasua: 23 urteko ikasle hura autobusetik bota zuten, martxan zela, taldean bortxatu eta gero. 2012an gertatu zen erasoa, eta oihartzun handia izan zuen nazioartean, eta mobilizazio sozial handia eragin zuen Indian bertan; oraindik ere, polemika pizten du. Erasotzaileetako bat libre dago, kartzelan hiru urte pasatu eta gero; dena gertatu zenean, adingabea zen, eta Adingabeen Auzitegiak epaitu zuen: ahal zen zigorrik handiena ezarri zion. Orain, beldur dira mutilak ez ote duen berriro egingo, ez baita ez damutu eta ez errehabilitatu. Manifestariek, aktibistek eta Jyoti Singhen aita-amek eskatu dute beste legedi bat aplikatzea eta adingabeen adin muga 18 urtetik 16 urtera jaistea, heldu gisa epaitu ahal izateko, baina legea ez aurrera ez atzera dago parlamentuan.

Baina hura ez zen gertaera bakan bat izan. Hura izan eta hiru urtera, zenbakiak oso adierazgarriak dira: %43 handitu da bortxaketa kopurua, eta ehunekoa hiru halako da hiriburuan, Delhin. 2014an, 36.735 bortxaketa salatu ziren; haietatik 2.543, taldean eginak. Delituak Erregistratzeko Bulego Nazionalaren datuaren arabera, 2014an emakume bat bortxatu zuten 14 minututik behin. Inpunitate handia dago halako kasuetan: salaturikoen %28 baino ez dituzte zigortzen. Eta hori, kontuan harturik gertakari batzuk nekez iristen direla polizia etxera, hala nola dalit emakumeei dagozkienak. Eraso fisikoak egin dizkiete «ukiezintzat» jotzen den kasta horretako emakumeen erdiei, baina, salatuz gero, Poliziak gehienetan ez die sinesten: «Nola bortxatuko zintuzten, ba, dalita zara-eta: horrek espiritua lohituko lieke-eta». Kalkulatzen da kasta horretako emakumeen %46ri jazarri zaizkiela, eta %23 bortxatu dituztela. Salatzen badute, gezurretan aritzea leporatzen diete.

Kezkagarriena, hauxe: zenbakiak gero eta handiagoak direla urtetik urtera; beharbada, salatzeko beldurra galtzen ari direlako, baina ezin jakin seguru. Delituak Erregistratzeko Bulegoaren txosten baten arabera, emakumeei egindako 337.922 krimen erregistratu ziren 2014an, aurreko urtean baino %9 gehiago. Krimen horien artean kontatzen dira bortxaketak, abusuak, salerosketa eta bahiketak, baina ohorezko krimenak oraindik ez dira krimentzat jotzen Indian, nahiz eta GKEek eta aktibistek hori eskatu. Ohorezko krimenak, hain zuzen, biktimak egindako zerbaiten ondorioz zikinduriko ohorea garbitzeko egiten dira: ezkontza hitzartu bati uko egin badio, senarra ez duen batekin sexua izan badu, bortxatu badute, janzkera desegokia erabili badu edo harreman homosexual bat izan badu. Sailkaturik ez dagoenez, ez dago datu ofizialik, baina Indiako Emakume Demokratikoen Elkarteak dio mila hilketa izaten direla urtean.

Ezagunagoa da nolako arazoa den guraso askorentzat alabei dotea eman beharra; arazo hori, gainera, ez da bukatzen ezkondutakoan: gizon askok kobratzen segitu nahi izaten dute ezkondu eta gero ere, eta indarkeria erabiltzen dute horretarako. Urtean 10.000 emakume baino gehiago hiltzen dituzte ez dietelako diru gehiago ekartzen senarrari eta familiari. Emakumeen %80 ezin dira etxetik atera senarraren baimenik gabe, ezta medikutara joateko ere. Nazio Batuen Garapen Programak 2015ean giza garapenari buruz eginiko txostenean, egiaztatu dute Indian emakumeen %80k ez dutela konturik bankuetan, eta senarrek hartzen dituztela finantza erabaki guztiak, nahiz eta, askotan, ez duten lanik egiten eta emazteak etxera eramaten duen dirutik mantentzen diren; horrela, sekula ez diote uzten dotea eskatzeari, eta dibortzioa eskatzeko eta fisikoki behartzeko mehatxua egiten dute. Bai senarrak eta bai familiak diru iturritzat dauzkate emakumeak; kultura hartan, senarra da emaztearen gorputzaren jabea, eta nahi duena egiten du gorputz horrekin.

Indiako legea sexista eta patriarkala da, eta emakumeari ez dio onartzen bere gorputzaren gaineko eskubiderik: ezin du abortatu mediku batek arrazoi medikoren bat dagoela esan ezean. 1971n legeztatu zen abortua, baina medikuen lobby-ak horretarako estutu zutelako. Are okerrago: lege hori haurren feminizidioa sendotzeko erabili zen, eta honelako iragarkiak ikusten ziren han eta hemen: «Kendu paretik alaba orain, 500 errupiaren truke, eta aurreztu 50.000 urte batzuk barru». Dotea berriz ere. Eta, nahiz sexua aukeratzea legez kanpokoa den orain dela hogei urtez geroztik, milioi askotako negozio ederra da neskatilen abortu selektiboa. Senarrek eta medikuek erabakitzen dute, eta senarrek bortizkeriaz behartzen dituzte emakumeak neskatoak abortatzera.

Haurren feminizidio horrek ondorio izugarri bat izan du: Txinan bezala, emakume eskasiak emakume trafikoa ekarri du, milaka emakumerena, asko eta asko nerabeak. Askotan, gurasoei erosi ohi dizkiete, edo bahitu, eta senar bati saldu; hark bere anaien esku ere utzi ohi du. Eta okerrena: ezin inor atxilotu, emakume ezkonduak dira eta.

Lege eskubiderik ez izate horriek ondorioak ditu emakumeen bizimoduaren alderdi guztietan. Esaterako, lurraren %13 baino ez daukate, nahiz eta nekazaritzako eskulanaren ia erdia diren. Hiri inguruetan, emakumeen kontrako krimenak izaten dira jabetza dela eta ez dela, eta horrek erakusten du diskriminazioa orokorra dela giro eta gizarte klase guztietan. Halaxe gertatu zitzaion Anuradha Adhikari-ri: etxe bat heredatu, eta abokatuak lapurtu zion; testamentua aldatu zion, haren baimenik gabe saldu ahal izateko. «Emakume batek ez du jabetzarik behar», horixe argudiatu zuen abokatuak. Askotan, emakumeei esaten zaie dotearen parte bat haiena dela, baina, praktikan, ez da hala. Eta anaiekin partekaturiko jabetzak, funtsean, gisasemeenak dira.

Zorionez, azken urte hauetan batzuek ahotsa altxatu dute, hala nola Rita Banerji idazle eta aktibistak, feminizidioaren kontrako 50 Million Missing kanpaina globalaren fundatzaileetako bat bera: haren kalkuluen arabera, 50 milioi emakume baino gehiago sarraskitu dituzte hiru belaunaldiz, modu sistematikoan, indarkeria matxista mota batez edo bestez. Ahotsa altxatu duen beste bat: Auzitegi Goreneko abokatu Karuna Nundy. Womanifesto-ren egileetako bat da: 2014ko hauteskundeei begira egin zuten manifestu hori, baina lanean segitzen dute horren inguruan, luze gabe emakumeen eskubideen gaineko lege espezifikoak bultzatzeko. Manifestuaren helburua, hauxe: emakumeen eskubideak babestea sei punturen bitartez; puntu horietan, legez babesturiko eskubideak eskatzen dituzte, hala nola hezkuntza programak martxan jartzea, legeak onartzea, politikaren munduan boterea ematea emakumeei, emakumeak babesteko protokolo bat ezartzea polizientzat, justizia bizkortzea eta hobekuntzak egitea arlo politikoan. India guztiko gizarte zibileko 70 bat aktibistak eskatu zieten alderdi politikoei hitzemateko, batetik, ekintza plan bat sartuko dutela hauteskunde programan, eta, bestetik, emakumeen eta neskatilen askatasuna, segurtasuna eta berdintasuna agertuko dela egitasmo horretan.

Guztiak bat datoz heziketa dela armarik onena diskriminazioaren eta genero desberdintasunaren kontra. Orain dela bost urte, lege baten bitartez onartu zuten heziketa haurren eskubide oinarrizko bat dela, eta heziketa doakoa eta nahitaezkoa dela Indian 6 eta 14 urte bitarteko neska-mutilentzat. Baina Estatistika Bulego Nazionalak, alfabetatzeari buruzko azken txostenean, ondorioztatu du bide luzea dagoela oraindik egiteko. Badago datu adierazgarri bat: 7 urteko mutikoen artean, %83 da alfabetatze tasa; 7 urteko neskatoen artean, berriz, %67 da. Joera hori bera dago adin tarte guztietan. Oraindik ere, egitasmo espezifiko gutxi dago berdintasunari eta sexuen arteko errespetuari buruz, baina badira batzuk: esaterako, 12.000 eskolatan, genero desberdintasunari buruzko eztabaida bati heldu diote, eta, besteak beste, auzitan jartzen ari dira zergatik ematen zaien bestelako tratu bat neskatoei, zergatik dagokien haiei etxeko lanak egitea, zergatik ezin diren ibili kriketean, zergatik ezin diren kalera atera.

Gaur egun, Indian 1,5 milioi emakume hautetsi daude tokiko karguetan, eta haientzat dira kontseilu lokaletako aulkien herenak, baina hautaturiko emakume askok ez dute batere eskolarik izaten. Horregatik, emakume hautetsi horietako askok neskatilen heziketaren alde egiten dute, eta saiatzen dira amak konbentzitzen gurpil zoro hori hauts dezaten. Haietako bat, Radha Devi, ohartu zen eskola batean neskatilak sukaldean lan egitera behartzen zituztela, eta ur garraio ibiltzera, eta mutikoak, berriz, gelan egoten zirela. Esan beharrik ez dago segituan aldarazi zutela jokabide hura. Bai halako aldaketek eta bai Kalkutako Durga Puja jaialdiko aldarrikapen pandal-ak, denek balio dute Indiako etxe guztietako kaioletako ateak zabaltzen has daitezen.

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak