Amaia Agirre Arrastoa.
EGUZKI EPELEAN

Abuztuak 1

2021eko abuztuaren 1a
00:00
Entzun
Abuztuak 1. Mila gai nituen idazgai, baina ez naiz bat saihesteko gai. 2011ko Europako Hitzarmeneko oinarriekin, Istanbulgo hitzarmena adostu eta onartu zen. Emakumeen aurkako indarkeriari buruzko Europako lehenengo tresna juridiko loteslea. Giza eskubideen urraketa larri horren aurrean irismen handiena duen nazioarteko ituna. Espainiako Estatuan gaurko egunez berretsi zen hitzarmen hori, duela zazpi urte. Arau guztiz loteslea bilakatu zen erakunde zentral eta autonomikoetan, baita tokiko erakundeetan ere. Hitzarmena funtsezko tresna omen da emakumeen indarkeria errotik ezabatzeko.

Zazpi urte igaro dira ordutik. Eta nik zazpi minutu aski ditut joan berri den hilabeteko zazpi gertakari burura ekartzeko.

Ingalaterran jokatu zen Eurokopako finalaren atarian zenbait herritar gaua pasatzeko ohea eta aterpea eskaintzen aritu ziren arriskuan eta beldurrak egon zitezkeen emakumeei. Ingalaterrako banderak daraman gurutze gorria emakumeen aurpegian gurutze odoldua bihur ez zedin. Alkohola eta futbola=deskontrola eta odola.

Mallorcako influencer batek harro kontatu du kondoia jarri nahi ez zuelako bere maitaleei antzua zela esaten ziela. Limurtu eta gezurra esan ondoren hazia nesken aluen barruan isurtzeak ematen zion plazerraz mintzatu da inongo ahobizarrik gabe. Giza anatomian antzutasuna gorputzaren atal bakarrari lotzen al zaio?

Norvegiako emakumeen hondartzako eskubaloi selekzioa zigortu dute bikinia ez janzteagatik. Uniformeen erregulazioa ez betetzeagatik jokalari bakoitzari 150 euroko isuna. Gizonezkoek prakamotzetan jokatu behar dituzte partidak; emakumeek, berriz, bikiniaren behekoa eraman behar dute. Gizonezkoen uniformea belaunak baino 10 zentimetro gorago hel daiteke. Emakumeen bikiniaren alboko zintaren zabalerak, ordea, ezin du 10 zentimetro baino zabalagoa izan. Neurrian motz eta gorputzean estu. Luze eta zabal hitz egin daiteke motzek hartutako neurriez.

Ia hogeita hamar emakume hil dituzte lehen zazpi hilabeteotan. Umezurtz geratu diren haurrei eta gazteei ze hitzarmenek itzuliko die ama?

Lastima adibide gehiago jartzeko tarterik ez izatea. 2021 karakteretan ezin dira 2021eko milaka adibide matxista eta milioika eraso jaso. Hitzarmenak hitzarmen, hitzen eta armen jopuntuan beti berdinak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.