Amaia Agirre Arrastoa.
EGUZKI EPELEAN

Espero duguna gara

2021eko abuztuaren 29a
00:00
Entzun
Etsipenik eta desengainurik handienak besteek nik jokatuko nukeen moduan joka dezaten espero dudanean sortzen zaizkit. Nik nahi dudan gisa erantzun ezean dezepzioak eta ernegazioak mamidun azaletik zorne jario hasten zaizkit. Eta nire izatearen ezaugarri izatetik arazo izatera igaro daitezke. Diagnostiko erraza baina sendabide konplexua du; gaitz autoerregulagarria da, hala ere.

Beldurra diet aldaketei. Ziurtasun eta segurtasun gabeziek gogo-aldartean desoreka eragiten didate.

Harreman berriek erakarri egiten naute, baina geroz eta zailagoa zait espero dezakeena eta espero dezakedana modu objektibo batean aurreikustea. Datorren bezala hartu, eraikitzen goazen bezala gozatu, eta denborak esan dezala ereindako haziak zein fruitu emango duen. Hori pentsatzea eta horrela bizitzea da aukera bat. Dena ezin da, ordea, aurrez planifikatu. Akabo bestela bizitzaren ezustekoek duten xarma eta bizipoza!

Errespetua eta leialtasuna bezalako baloreak izenpetu gabeko adostasunaren baitan ezinbestekotzat jotzen ditugu, baina badira oharkabean ihes egiten diguten sentimenduak ere. Dezepzioa espektatiba handiegien lehengusua da.

Estresagarria da beti besteek entzun nahi dutena esaten aritu beharra. Minik ez eragitearren egia ezkutatzea, ordea, ultzera sortzailea. Dependentzia sortzen duten lagun edo bikote harremanek izua eragiten didate. Nire ongizatea besteak eskaintzen edo ukatzen didanaren araberakoa bihurtzeraino makurtzen naizenean lepoko minak eta buruko sastadak hasten zaizkit. Eta hori ez da kasualitatea. Kausalitatea baizik.

Besteengandik zenbat eta gehiago espero, orduan eta gehiago sufritzeko arriskua dugu. Denok gara hutseginkorrak. Denok gara zoragarriki inperfektu. Denok biziraun nahi dugu kaosak mugitzen duen lur labain honetan oreka galdu gabe, baina gizakiak gara, eta beti erortzen gara mugitzen ez den harriari sortzen zaion goroldioa zapaldu eta irrist eginda.

Denok desio dugu zuzeneko elkarrekikotasun bat, baina denok ez ditugu behar eta desira berdinak, eta hor enpatia ariketa egiteak lagun dezake beste aldean dagoena ulertzeko.

Autoterapiarekin amaitzeko, besteen mendean gaudela iruditzen zaigunean eta mendekatzeko grina sortzen zaigunean, jar ditzagun ernegazioak ispilu aurrean eta erne negazioak menderatzen bagaitu! Ez dakit nigandik zer espero zenuten, baina hau da abuztuko azkena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.