Uxue Razkin.
FREKUENTZIAREN GERIZPEAN

Eta ordu txikitan, zer?

2021eko otsailaren 28a
00:00
Entzun
Gauez eta ordu txikitan gozatzen dut irratia batez ere; marmarka ari zaizkidanean kazetariak, iluntasunak dakarren erabateko isiltasunetik abiatzen diren ahotsak. Gaua nirea sentitzen dut, ez hainbeste goiza; iruditzen zait nonbait hori besteena dela. Horregatik, batzuetan esaten dut irratia ez dudala nireganatu; edo agian, izan liteke, ni ez nagoela goizeko programazioa aditzeko diseinatuta. Bereziki, patxadaz egiten diren saioak gustatzen zaizkit; literaturaz eta zientziaz aritzen direnak, edo, bitxikerietatik abiatuta, istorioak kontatzen dituztenak, entzutea baita nire benetako pasioa.

Goizaldean sumatu dut benetako hutsunea, berariaz sortutako irratsaioena, alegia. Izan ere, bakanetan gertatu zait gustuko dudan saioren bat galdu eta beranduago entzuteko itxaron behar izatea. Hori gertatzen den aldiro, Nahieran tresna darabilt. Ingurumari horretan, errepikapenak zentzu handirik ez duela pentsatzen dut.

Konparazio batera, Euskadi Irratiko agenda izan dut aztergai asteon. Programazioa ikusita, konturatu naiz arratseko eta gaueko saio batzuk berriz emititzeko ohitura dutela. Horiek horrela, irratigintzak aro digitalean emandako pausoak aintzakotzat hartuz, aukera paragabea legoke irratiaren edukia, mamia alegia, hobesteko.

Dena den, badakit irrati eta telebisten nahierako zerbitzua ez dela on demand delakoa, Netflix edo Filmin diren moduan. Horietan, katalogo bat dago, eta nahi duzuna, nahi duzunean ikus dezakezu. Kasu honetan, desberdina da: lehen emisioan lortu behar da edukiaren errentagarritasuna. Irrati publiko batek errentagarritasunari bakarrik so egin behar ote dion hausnartzea da hurrengo pausoa.

Aurreko batean idatzi nuen izan badirela irratia piztuta eduki ohi duten gautxoriak. Eta egonen dira, akaso, modu berean, biharamun goizean edo nahi dutenean irratsaio hori entzungo dutenak, podcastekin egiten dugun legez: izan kotxean, sukaldean edo paseoan.

Hortaz, paradigma berriaren aurrean, kontsumo misto bat egiten ari gara gehienok. Emisio orduak garrantzia izaten jarraitzen du, eta hori ezin da uka. Baina, zentzukoa da agenda bat betetzeko helburuz irratsaio errepikatuak sartzea ordu txikitan? Ezin al dira denbora tarte horiek baliatu beste saio batzuei bide emateko?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.