Katalunia. Puigdemonten aurkako euroagindua

Karguak eteteaz txosten bat eskatu die Mahaiak parlamentuko abokatuei

Legebiltzarrak ez du jaso aferari buruzko jakinarazpenik. Saio bat dago deituta asteazkenerako

Carmen Calvo eta Pere Aragones, atzo, Madrilen. JOSE MARÍA CUADRADO JIMENEZ / EFE.
Igor Susaeta.
2018ko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Erabaki bat hartu aurretik denbora irabazi nahian dabiltza Kataluniako indar subiranistak. Pablo Llarena Auzitegi Goreneko epaileak kargua eten die Kataluniako Parlamentuko sei buruzagi independentistari, prozesu subiranistaren harirako kausan matxinada delituagatik auzipetuta eta behin-behinean kartzelan edo erbestean daudelako. Magistratuak JOAN den asteartean kaleratutako autoaren arabera, behin-behinekoa da etetea, baina automatikoki gauzatu beharrekoa. Kataluniako Parlamentuko Mahaiak adierazi du, ordea, oraindik ez duela jaso jakinarazpen ofiziala. Atzo bildu zen, eta, zer egin deliberatu aurretik, auziari buruzko txosten bat eskatu die Kataluniako Legebiltzarreko abokatuei.

Subiranistek jendaurrean diotenez, parlamentuak du soilik kargua eteteko eskumena, eta azken egunetan, beraz, ganberaren «subiranotasuna» aldarrikatu dute JxC Junts Per Catalunyak, ERC Esquerra Republicanak eta CUPek. Haien esanetan, eta betiere legebiltzarraren araudiari helduz, parlamentari bati kargua eteteko osoko bilkura batera deitu behar da, bozketa bat egin, eta horretan gehiengo osoa lortu.

Quim Torra Generalitateko presidenteak herenegun nabarmendu zuenez, diputatuei ez die eskatuko parlamentari aktari uko egin diezaiotela. Espainiako Prozedura Kriminalerako Legearen 384 bis artikulua aintzat hartuta Llarenak hartutako erabakiak, Carles Puigdemonti, Oriol Junquerasi, Josep Rulli, Jordi Turulli, Raul Romevari eta Jordi Sanchezi eragiten die.

Txostenaren zain daude subiranistak. Halere, datorren asteazkenerako eta ostegunerako osoko bilkura dago deituta parlamentuan, eta bozketak egingo dituzte. Horrek esan nahi du ganberako letraduek ordurako eman beharko dutela ondorioen berri. Zenbait hedabidek indar subiranisten iturriak aipatuz kaleratutakoaren arabera, abokatuen txostena legebiltzarreko Diputatuen Estatutuko Batzordera eramango dute. Ondoren ebazpen bat proposatuko du batzordeak, eta hori saio batean bozkatuko dute.

CUPek, bien bitartean, Llarenari desobeditzea eskatu du zuzenean. Azken hilabeteetan, Espainiako Estatuaren erabakiei desobeditzeko hainbat aukera eduki ditu parlamentuak, baina inoiz ez du hala jokatu. Izan ere, horrek ekarriko luke, ziurrenik, Espainiako Estatuak desobedientzia delitua leporatzea Mahaiko kideei.

Aragones eta Calvo

Pere Aragones Generalitateko presidenteordea eta Carmen Calvo Espainiakoa atzo batzartu ziren Madrilen, eta, bilera bukatuta, «%10 batean» baikorra dela eta «%90 batean eszeptikoa» esan zuen aurrenekoak. Nabarmendu zuen bat datozela gatazka hau «politikoa» dela. Cavorentzat «emankorra» izan zen enkontrua.

Kolpea Espainiaren kontakizunari

Frisiarren erru aurpegia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.