Koronabirusa

Basurtuko agerraldiak bederatzi gaixo berri eragin ditu ospitaletik kanpo

Erlijio kongregazio bereko kide dira haietako sei, eta beste hirurak, eri bati bisita egin zion pertsona baten senideak. Denak bakartuta daude

Gizon bat Basurtuko ospitaleko pabiloietako batean sartzen. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Imano Magro Eizmendi
Bilbo
2020ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Basurtuko ospitaleko (Bilbo) koronabirus agerraldia eraikineko mugetatik kanpo zabaldu da, bederatzi kasu berrirekin. Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak atzo azaldu zuenez, bertan bisitan egondako bi pertsonek euren gertuko eremuetan kutsatu berriak eragin dituzte. Batek erlijio kongregazio batean zabaldu du, bertan bizi baita; eta PCR proben arabera, sei pertsona kutsatu ditu. Besteak bere familia inguruko hiru kide kutsatu ditu. Guztiak bakartuta daude egun. Ospitaleari dagokionez, ez da kutsatu berririk egon langile edota pazienteen artean.

«Egin beharrekoa egin dugu. Kontaktu guztiak bakartu ditugu eta gaixoak aurretik detektatzen saiatzen ari gara PCR proba bidez». Murgak horrela eman zuen azaltzera agerraldi berri horiek kontrolpean dituztela. Kongregazio erlijiosoan, esaterako, 110 PCR proba egin dituzte bi txandatan. Aurrenekoan, bi kasu azaleratu ziren, eta hurrengoan, lau. Beste agerraldiaren sorburua Basurtun ospitaleratutako gaixo baten senide bat da. Txagorritxu Gasteizko ospitalean egondako agerraldiaren inguruan, «kontrolpean» dagoela esan zuen, eta egunak direla kasu berririk ez dagoela.

Erietxe horietatik kanpo, azken orduetan 24 pertsonak eman dute positibo PCR probekin Hego Euskal Herrian: Bizkaiko bederatzi horiez gain, zortzi kasu berri atzeman dituzte Nafarroan, lau Gipuzkoan eta hiru Araban. Hala ere, ez da hildakorik izan. Test azkarrak deritzenei erreparatuz gero, 49 kasu berri daude EAEn—ez dago Nafarroako eta Iparraldeko daturik—. Proba horrek hartutako immunitatea edo pertsona batek sortutako antigorputzak neurtzen ditu, eta iraganeko infekzio bat adieraz dezake.

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa atzo goizaldean sartu ziren «normaltasun berrian» —Nafarroa gaur sartuko da—, eta Murgak lehen orduen balorazio positiboa egin zuen. Hala ere, zuhurtzia eskatu zien beste lurralde batzuetara joango direnei. «Distantzia gordetzea, eskuak garbitzea eta maskara erabiltzea dira oinarrizko neurriak. Birusa hedatu dadin eragozteko gakoa keinu txikietan dago». Beste herrialde batzuetan agerraldi berriak sortu direla eta, sailburuak ohartarazi zuen hemen ere gerta daitekeela: «Birusak edozein aukera baliatzen du berriz ere indarrez agertzeko».

Murgarekin batera Jon Iñaki Betolaza Jaurlaritzako Farmazia zuzendaria agertu zen, eta harkjakinarazi zuen gaixo kronikoei botikak etxera eramateko programa bukatu egin dela. Aurrerantzean espresuki eskatzen dutenek soilik jasoko dituzte. Eskatzeko bideak orain arteko berak dira: 012 laguntzarako telefonoaren edo gaixoek erabiltzen duten ohiko farmaziaren bitartez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.