Etxeko lanak, eginda

Baskoniak 82-62 irabazi dio Buducnosti, eta sendo iritsiko da ligaxkako azken txanpara. Matt Janning, sei asterako min hartuta

Darrun Hilliard Baskoniakoa, baloiarekin, aurkari baten aurrean. J. F. / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
2019ko martxoaren 16a
00:00
Entzun
Kirolbet Baskoniak ondo egin ditu Euroligako azken txanpa aurreko azken etxeko lanak. Etxeko adjektiboa ondo erabilita dago, hiru partida baitzituen jarraian Gasteizen sailkapeneko behe aldeko taldeen aurka, eta hirurak nagusitasunez irabazi ditu. Hiruretako azkena atzo, Buducnosten aurka (82-62). Lehen itzulian, Baskoniak ezusteko bizkarreko latza hartu zuen Podgorican, eta Buesan bueltatu egin zion, atsedenaldiaren ondoren bereziki.

Garaipen garrantzitsua da, kanporaketa postuetan sendo jarraitzen baitu, baina denak ez ziren albiste onak izan. Matt Janningek oinazpiko faszia hautsi du eta sei aste beharko ditu sendatzeko. Hori gutxi ez, eta Panathinaikosek Moskun irabazi zuen, CSKAren aurka. Emaitza horrek zaildu egiten du Baskoniaren bidea. Asteazkenean Panathinaikosen pistan jokatuko du Gasteizko taldeak eta irabaztera behartuta dago. Izan ere, azken hiru partidetan, Real Madril, Efes eta CSKA izango ditu aurkari, lehen lau sailkatuetako hiru. Atenasko bi taldeek, aldiz, egutegi erosoagoa dute.

Hori, baina, hurrengo astean izango da, eta Baskoniak konfiantzaz iritsiko da. Jokalari garrantzitsuak min hartuta ditu, baina ordezkoen pauso bat eman dute aurrera. Atzokoan eskolta eta hegalekoak izan ziren. Janningen hutsunearekin minutu gehiago jaso, eta baliatu egin zituzten. Hirugarren laurdenean nabaritu zen bereziki, partida hautsi zenean. Laurden horretan 25-15eko partziala lortu zuen Baskoniak, eta,39-34 irabaztetik, atsedenaldian,64-49ra (30. min) igaro zen.

Tarte horretan Huertasek hartu zuen lema (hamahiru puntu eta lau asistentzia), eta hegalekoei jaten eman zien. Patricio Garino (hamasei puntu) izan zen aukera hobekien baliatu zuena; Savon Shieldsek (hamabi puntu) azken asteetako mailari eutsi zion, eta Hilliardek lan hobea egin zuen defentsan erasoan baino. Eskoltak zortzi puntu sartu zituen, baina jaurtiriko zazpi hirukoetatik sei sartu zituen. Baskoniak arlo horretan nabaritu zuen gehien Janningen hutsunea: 27 hiruko bota zituen eta bederatzi sartu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.