Zinemaren historia errepasatuko du Azkuna zentroak, 50 filmen bidez

Federico Felliniren 'Otto e mezzo' filmarekin hasiko dira Bilboko zentroko emanaldiak, gaur. Lan klasiko «oroigarrienak» emango dituzte
Federico Felliniren <em>Otto e mezzo</em> filmaren fotograma bat.
Federico Felliniren Otto e mezzo filmaren fotograma bat. BERRIA

Erredakzioa -

2019ko urtarrilak 9
Zinemaren historiari begiratu bat emateko, 50 film esanguratsu aukeratu ditu Bilboko Azkuna zentroko zinematekak, eta emanaldi ziklo bat antolatu du. Gaur hasiko dira proiekzioak, Federico Felliniren Otto e mezzo filmarekin (1963) —bihar berriro emango dute—, eta, astez aste, zinemaren historiako lan «oroigarrienak» emango dituzte. Apirilaren erdialdera bitarteko programazioa aurkeztu dute arduradunek.

Film guztiek bi emanaldi izango dituzte: asteazkenez lehena, eta ostegunez bigarrena. Arratsaldez izango dira proiekzio guztiak, jatorrizko bertsioan eta azpidatziekin. Felliniren filmez gain, Jean-Luc Godarden, Agnes Vardaren, Luchino Viscontiren eta beste hainbat zuzendari entzutetsuren lanak bildu dituzte egitarauan. Eta, haietan, aktore ezagunak ikusi ahal izango dira, besteak beste, Marilyn Monroe, Charles Chaplin, Humphrey Bogart, Lauren Bacall eta Claudia Cardinale.

Felliniren Otto e mezzo filmaren ondotik, beste hainbat «harribitxi» ikusi ahal izango dira zikloan. Hauek dira, esaterako, urtarrilerako programatutakoak: Agnes Vardaren Cléo de 5 à 7 (1962), John Forden My Darling Clementine (1946), Friedrich Wilhelm Murnauren Sunrise (1927), Jean-Luc Godarden À bout de souffle (1960), Larisa Shepitkoren Voskhozhdeniye (1977), Ida Lupinoren The Hitch-Hiker (1953) eta Leni Riefenstahlen Triumph des Willens (1935). Otsaileko emanaldiak Howard Hawksen The Big Sleep lanarekin (1946) hasiko dira.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna