KRITIKA. Antzerkia

Atzealde infinitua

Zanguangok Al otro lado lanarekin aurrez egindako beste emanaldi baten artxoboko argazkia. ZANGUANGO.
Agus Perez.
2020ko abuztuaren 11
00:00
Entzun

'Al otro lado'

Konpainia: Zanguango. Testuak eta interpretazioa: Txubio Fdez. de Jauregi, Miguel Garces Miguelón. Lekua: Durangoko Tabira parkea. Eguna: Abuztuak 8.

Denok gogoratzen ditugu antzokietako gortina gorriak, aho eszenikoa estali eta emanaldia hasterakoan irekitzen direnak. Durangoko Uda Kulturaz Blai programazio oparoaren barruan horrelako disposizioa—baina neurri txikian— ekarri du Zanguango konpainiak, eta haren inguruan —bai aurrean bai atzean— antolatu da emanaldian zehar aurkeztu digutena.

Al otro lado (Beste aldean) deitzen da proposamena, eta izenburuari fidel izanik, oihalaren beste aldean gertatzen denaren inguruan eratu da emanaldia. Baina ez aktoreak agerian ez daudeneko berbaldi ezkutuekin—horiekin ere bai, tarteka, zelan ez—, baizik eta, oihala zabalik, haren atzealde infinituan gerta litekeenarekin.

Hasieran, eta amaieran, Ibaizabal gaineko zubi zaharrari begira jarri dute gurpil gaineko aho eszenikoa, eta orduan hasi gara asmakuntzaren originaltasunaz gozatzen, zubi gaineko jendearen joan-etorriak inspirazio iturria zirelako bi antzezleen iruzkin inprobisatuetarako. Kontua da, ordea, noizean behin jendea taldeka eta beste batzuetan banaka zebilela, eta jenderik gabeko tarteak ere ez direla gutxi izan. Baina azken kontingentzia hori berdin izan zaie antzezleei, eta orduan konturatu gara jatorrizko ideiaren jenialtasunaren erdia aho eszenikotik ikusten zen hiria dekoratu gisa hartua izatea zela. Dekoratu bizia, hala ere, bertako oinezkoen ausazko ibilbideengatik bizitzak bezalako zorizko ezusteak oparitzen zizkigulako.

Jatorriz, proiektua era ibiltarian gauzatzekoa zen, baina, gaurko babes-neurriak direla eta, eurek mugitu dute aho eszenikoa, eta ikusleok geure aulkietatik mugitu barik ikusi ditugu alboko etxebizitza-bloke baten, kafetegi bateko terrazaren eta parkeko jesarleku baten interpretazio erdi poetiko erdi surrealistak. Izan ere, harrizko jesarleku hartan zegoen hirukoteak parada ederra eman die interpreteei denboraren iragatearen gaineko paradoxa-pasarte eredugarri bat eraikitzeko, Stanislav Lemi ere inbidia eragingo ziona.

Ikusleen inguruko itzuli osoa beteta, ostera ere kokatu gara harrizko zubitxoaren muturrean, eta bigarren txandan zinema-musika ezagun batzuen arabera berrinterpretatu dute begien bistakoa zen errealitatea, maisuki berrinterpretatu ere, arte ederren ildoko performance askoren sakontasun berean, baina antzerkiaren parametroetatik betiere. Zenbat gauza dauden sortzaile hauengandik ikasteko! Zer polita kaleko bizitza arruntari beste ikuspegi bat emateko ahalegin poetikoa! Azken minutuetan, gainera, trumoiak eta euria hasi dira, eta ikusle askok alboko eraikineko arkupeetan bilatu dute aterpea —zuhaitz handien gerizpean geundenok ez dugu horren beharrik izan—, baina antzezle biei ez zaie batere inporta izan, eta testu eder batekin joan dira desagertuz aho eszenikotik beste aldera, Tabirako zubitik infiniturantz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.