KRITIKA. Musika

Kadentziaz eta uxatutako mamuez

2020ko abenduaren 12a
00:00
Entzun

Euskadiko Orkestra

Zuzendaria: Robert Treviño. Biolontxeloa: Pablo Ferrandez. Egitaraua: D. Xostakovitxen 1. kontzertua biolontxelorako eta R. Schumannen 2. Sinfonia. Lekua: Donostiako Kursaal auditoriuma. Eguna: Abenduak 10.

Euskadiko Orkestrak oztopo aunitz topatu ditu aurtengo denboraldiarekin batera hasi zuen lasterketan, jada maratoia bihurtu dena. Ekaitza atertu bitartean, aurrera jarraitzeko gogoa eta baliabideak jartzeko esfortzua bada podiumean tokia izateko nahikoa arrazoi.

Mstislav Rostropovitxek 1959. urtera arte itxaron behar izan zuen bere lagun Xostakovitxek berarentzat kontzertu bat konposatu zezan. Azken honek biolontxeloaren errepertorioan funtsezkoa bihurtuko zen obra idatzi zuen, alajaina, Rostropovitxen mailako interpretea eskatzen duena. Pieza honi ekiteko Pablo Ferrandez madrildarrak soberako jakituria eta trebezia dituela zalantzaz kanpo geratu zen. Lehen mugimendua egituratzen duen gaiaren lau notek barrenak astindu zituzten erritmo frenetikoan. Biolontxeloaren piroteknia, baina, Cadenza-n dator: Ferrandez meditazio sakon eta basatian, zurrunbiloan estasia bilatzen eta aurkitzen, instrumentua eta musikaria mugara daramatzan partitura menperatuz. Euskadiko Orkestrako haizeek aipamen berezia merezi dute, bai bakarlariaren alter ego-a den tronpak, bai azken mugimenduaren pasarte argitsuetan fin jardun ziren flautak, klarineteak eta oboeak.

Klima hezetik urruntzeak Roberten gaitz fisiko zein psikologikoak baretuko zituelakoan joan ziren Schumann senar-emazteak Dresdenera. Bertan konposatu zuen Robertek bere 2. Sinfonia, 1845. eta 1846. urteen artean, (beste) krisi sakon baten ondoren. Lehen emanaldiak ez zuen nahi beste arrakastarik lortu, eta 11 egun geroago eman zen berriz, Schumannek hainbat moldaketa egin ostean. Treviñoren keinu zabalari segika, lehen mugimendutik dinamiketan oparo agertu zen orkestra, izaki bizidun baten antzera mugituz. Scherzo-an, trioak harien trinkotasun organikoaren gainetik agertu ziren garbi. Hirugarren mugimenduaren lirikotasunak garapen nolabait estatikoa izan bazuen ere, azken Allegro molto vivace-an distira itzuli zen berriro. Konpositorearen mamuak une batez uxatuta, argi izpi bat iluntasunez jositako gogamenean eta enigmaz betetako munduan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.