NANOGUNEREN KUMEAK

2019ko otsailaren 1a
00:00
Entzun
Hona Donostiako Nanogune ikerketa zentroan egindako lanetik sortu diren enpresak.

1. Graphenea

Lehen kumea izan zen; 2010. urtean sortu zuten, kalitate handiko grafenoa ekoizteko. Grafeno esfoliatuaren kasuan, urtean tona bat sortzeko ahalmena du. Bostehun bezero ditu, eta 50 herrialdetara baino gehiagotara esportatzen du, unibertsitateetara, ikerketa zentroetara eta industrietara. Munduko ekoizle nagusietako bat da.

2. Simune

Softwarea egiten du, material berrien eskala atomikoko simulazioak egiteko. 2014an sortu zuten. Material batek zelako ezaugarriak eta arazoak izango dituen iragartzen laguntzen die bezeroei.

3. Ctech-nano

ALD atomo geruzen jalkitze teknika erabiltzen du materialen ezaugarriak aldatzeko. Elektronika, optika, energia, bioelektronika, ehungintza eta margoen alorrean erabiltzen da. 2014an sortu zuten, eta, zerbitzua emateaz gainera, ALD egiteko gailuak ere saltzen ditu.

4. Evolgene

Duela zenbait mila milioi urteko entzimak berriz diseinatu eta ekoizteko sortu zuten enpresa, 2014. urtean. Bioerregaiak sortzeko erabil daitezke entzimok, kosmetikoetan, eta osasungintzan, besteak beste. 2014an sortu zuten enpresa, eta dagoeneko evolgene izeneko entzima sortu du: azala zahartzearen kontrako agente gisa erabili nahi dute. Nanozelulosa ere sortzen dute.

5. Prospero Biosciences

Hanburgoko Unibertsitatearekin batera sortu zuten 2015. urtean. Masa espektometriako detektagailuak «izugarri» hobetu nahi dituzte, nano-mintz baten bidez. Ez dago merkatuan masa handiko molekulak hauteman ditzakeen teknologia, eta hutsune hori bete nahi du, gaitzak diagnostikatzeko, eta botika berriak diseinatzen laguntzeko.

6. Biotech Foods

Nanogunearen kume baten kumea da. 2017an sortu zuen Ctech-nanoren zientzia zuzendari Mercedes Vilak, beste sustatzaile batzuekin batera. Laborategian hazitako haragia ekoitzi nahi du enpresak. Lehen produktuak bi urte barrurako plazaratzea eta salgai jartzea espero dute, Ethica Meat izenpean (haragi etikoa).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.