Angel Aldarondo.
ZIN-ZINEZ

Ibilgailu perfektua

2016ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
Pizten den proiektore baten soinua eta abian jartzen den auto baten motorrarena gauza bera direla sentitu dut beti. Eta zinema bateko butakan esertzea, kotxean eseri eta bidaia berri batean murgiltzea bezalakoa. Horregatik, ez zait bururatzen road movie gutxietsia baino zinema genero perfektuagorik. Fikzio baten esperientzia modurik sinesgarrienean bizitzeko ibilgailu perfektua da, eta inoiz espero ez zenukeen lekuetara bidaiatzeko modurik merke eta azkarrena.

Nahiz eta oso genero herrikoia izan, ziur asko, mota hauetako filmak ez dira izango zuen gustukoenen artean. Agian, injustuki zinema arintzat jotzen dugulako izango da, friboloa akaso. Akziozko film —Mad Max edo Bonnie and Clyde— eta komedia —Little Miss Sunshine edo Sideways— asko dauden arren, badago oktanaje handiagoko roadmovie-rik: A Straight Story, Diarios de motocicleta, Into the Wild, Two for the road, The grapes of Wrath... edo oraintxe 25 urte bete dituen Thelma & Louise; zerrenda amaigabea, izenburu itzelekin josita. Paradoxikoki, uste dut guztietan okerrena Easy Rider -genero honen hazia- dela. Gainera, nahiago dut jatorrizkoa Stagecoach (Diligentzia) izan zela pentsatzea.

Paris, Texas filma salbu, nik ere ez dut beste izenbururik nire film gustukoenen artean; baina, aldi berean, denak daude leku pribilegiatu batean, gehien gozatu ditudan filmen artean, gutxietsitako A Perfect World film ederra, adibidez. Ziurrenik, Clint Eastwood inoiz ezagutu dudan gidaririk onena izango da, David Lynch eta Coen anaiak diren bezalako ausarkeriazko gidarien baimenarekin.

Bidaiatzen egongo banintz bezala idatzi ditut lerro hauek, planik gabe eta inora iristeko intentziorik gabe. Ipurdia mugitu gabe mundua ezagutzeko aukera eman digun genero gutxietsiari omenaldi xume bat egiten saiatu naiz, bidaiaren erromantizismoaren erdia ez baita abenturaren zain egotea besterik. Zinema abenturak bizitzeko modurik onena dela defendatzen duen apologia hertsia da hau; Henry Millerrek zioen bezala, gure bidaiaren helmuga ez da sekula leku bat izaten, gauzak bestela ikusteko modu berri bat baizik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.