74 EGUNEKO GERRA

2019ko ekainaren 15a
00:00
Entzun
1982ko martxoak 24. Alfredo Astiz torturatzaile ezagunaren aginduetara zegoen militar talde bat Hego Georgietara iritsi zen, Argentinako bandera altxatu zuen langile talde bat «babesteko», Erresuma Batuko armadak kanporatu nahi zituelako.

Martxoak 26. Argentinako armadaren flota bat Puerto Belgranotik atera zen Malvinak inbaditzeko asmoz. Erresuma Batuko inteligentzia zerbitzuek handik lau egunera baieztatu zuten flotaren benetako asmoa.

Apirilak 2. Rex Hunt Malvinetako gobernadoreak artxipelagoa errenditu zuen. Argentinako soldadu bat hil zen borroketan. Buenos Airesen jendetza ikaragarria bildu zen Leopoldo Galtieri diktadore militarraren ahotik berria entzuteko.

Apirilak 3. Gerraontzi batean iritsi zen Argentinako militar talde batek Hego Georgiak hartu zituen —hiru soldadu hil ziren borroketan—. Margaret Thatcher Erresuma Batuko lehen ministroak jakinarazi zuen indarrez berreskuratuko zituztela uharte guztiak, eta NBEren Segurtasun Kontseiluak tropak erretiratzeko eskatu zion Argentinari.

Apirilak 5. Erresuma Batuko flota Malvinetarantz abiatu zen Ingalaterratik eta Gibraltardik.

Apirilak 25. Erresuma Batuko armadak Hego Georgiak berreskuratu zituen.

Apirilak 30. Erresuma Batuak 200 miliatako itsas eremu debekatu bat ezarri zuen Malvinen inguruan.

Maiatzak 1. Bonbardaketak hasi ziren Malvinetan; Erresuma Batuak aireportua bonbardatu zuen, eta Argentinak flotari eraso zion airetik.

Maiatzak 2. Erresuma Batuak Belgrano jenerala ontzia hondoratu zuen, eta Argentinako 323 soldadu hil zituen. Gerrako sarraskirik handiena izan zen.

Maiatzak 21. Erresuma Batuak lurreko inbasioa hasi zuen.

Ekainak 8. Argentinak gerrako galerarik handiena eragin zion Erresuma Batuari: bi gerraontzi hondoratu, eta 50 soldadu inguru hil zituen.

Ekainak 11. Gerrako lurreko batailarik gogorrenak hasi ziren Port Stanleyren inguruko mendixketan. Erresuma Batuko armadaren bonba batek etxe bat jo zuen Port Stanleyn, eta hiru zibil hil zituen —gerran hil ziren malvinar bakarrak—.

Ekainak 14. Mendixketako borrokak bukatuta, Erresuma Batuak Port Stanley hartu zuen, eta Argentinak amore eman zuen. Argentinako 649 soldadu hil ziren bi hilabete eta erdian, eta Erresuma Batuko 255.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.