Onintza Enbeita.
BIRA

Erregeak

2019ko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Miretsiak izan dira. Oso miretsiak. Gustatu egiten zitzaizkigun haien filmak, dantzatu egin genuen haien musika, gozatu egiten genuen haien telebista saioak ikusten. Ez dira guk uste genuena. Erori zen Woody Allen, erori zen Bill Cosby, erori Kevin Spacey, eta erori Michael Jackson ere. Sexu abusuak emakumeei, gizonei, umeei... diruak eta ospeak emandako tronuan eseri, eta menpekotzat hartu duten guztia nahi izan duten moduan erabiltzen saiatu dira. Hori dauka mundu klasistak: batzuek pentsatzen dute besteak beren zerbitzura daudela. Eta azpian daudenak emakumeak edo umeak badira, hobeto baino ez: horiek jabetzan tokatzen zaizkie gizon aberatsei.

Arropa dotorez jantzita dagoelakoan, biluzik ibili zen erregearena ikusten dut haiengan etengabe. Sekula ez gastatzeko adina diru daukate, luxuzko kotxeak, milaka metro karratuko etxeak, ospea... gizarte materialistak amestu ohi duen guztia eskura daukate, baina besteen gorputzak ere nahi dituzte. Eta diruarekin erosi egin daitezkeela pentsatzen dute. Eta azkenean biluzik eta bakarrik gelditu dira publikoaren aurrean, miseria guztiak bistan.

Erregeak mozorroa galtzen ari diren honetan, hurbilera ere begiratu beharko genuke. Hemen ere badira tronuak eta badira biluzi beharreko erregeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.