Arrauna

Bandera, 31 eskutik edukita

Hondarribiak sasoiko lehen garaipena lortu du Orion, Eusko Label ligako bosgarren jardunaldian. Berdeek hiru segundo atera dizkiote Donostiarrari. Epaileek kanporatu egin dituzte Cabo eta Ares

Ioseba Amunarriz Hondarribia taldeko patroia, bandera astintzen, traineruan arraunlariak ospatzen ari direla, atzo, Orion, Eusko Label ligako bosgarren jardunaldian. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Mikel O. Iribar.
2022ko uztailaren 17a
00:00
Entzun
Emaitzak aldekoak ez direnean, zenbait prestatzailek, arbelean klera zuriz lehendabizikoz idatzitakoa fin-fin mantendu, eta eskifaia bere horretan uzten dute; beste batzuk, berriz, zirt edo zart, neurriak aldatu edota arraunlariak tostaz txandakatzearen aldekoak dira. Aurreko asteburutik, Mikel OrbaƱanos Hondarribia taldeko entrenatzaileak lau arraunlari tostaz mugitu zituen atzo, Orion (Gipuzkoa): ababorrean, Manex Aldai traineruaren aurrera bota zuen, bosgarren tostara, Xabier Etxebeste hirugarrenean jarriz. Istriborrean, Urko Redondo seigarrenean ipini zuen, eta Battit Ondikola aurrekalari. Bada, mugimendu horiei zuku gozoa atera zien Ama Guadalupekoa ontzi berdeak. Sasoiko lehen bandera irabazi zuen. Traineru Kluben Elkartea sortu zenetik, Ioseba Amunarrizek zazpigarrenez astindu du bandera horia.

Arratsaldeak aurrera egin ahala, haizea ahulduz joan bazen ere, estropada eremua teknikoa eta bihurria zen; izan ere, olatuak, traineruei txopatik sartu beharrean, istribor aldetik heltzen zitzaizkien. Beraz, arraunketa ez galtzeak berebiziko garrantzia zeukan. Azkeneko txandan joan zen garailea, lehenengo kaletik; haren ondotik, hurrenez hurren, Donostiarrak, Oriok eta Urdaibaik egin zuten arraun. Bizi-bizi atera ziren lau ontziak, eta, lehen txanpa indartsuaren ostean, Hondarribiaren ontziaren branka besteen aurretik ageri zen. Segundo baten aldea lortu zuten Amunarrizek eta haren kuadrillak; itsasoan, ordea, hutsaren hurrengoa.

Lehen luze erdia egiterako, Oriok uste baino atzerapen handiagoa zeukan: lau segundokoa. Urdaibai, Donostiarra eta Hondarribia, berriz, segundo eskasean heldu ziren ziabogara. Bou Bizkaia-k hiru segundoan ondu zuen bigarren txandan aritu zen Zierbenaren denbora. Maniobraren ostean, lehen hiru ontziak nor baino nor gehiago ibili ziren, alboko olatuak ahalik eta gehien baliatu nahian. Lehenengo eta bigarrengo kaleetan, antza, olatuak zertxobait bilduagoak ziren kanpoko kaleetan baino. Horren ondorioz, Urdaibaik gehiago sufritu zuen, eta Donostiarrak eta Hondarribiak hanka egin zioten. San Nikolas, berriz, banderaren lehiatik kanpo zegoen.

Barruko balizetara heltzeko laurehun metro falta zirela, Ama Guadalupekoa-k olatu bat hartu zuen, eta Torrekua-ri tartea zabaldu zion; bizpahiru tostakoa. Ostera, ziaboga egiteko orduan, Ondikola Hondarribia taldeko aurrekalariak beranduegi sartu zuen estoketa, olatuaren kolpearen ondorioz, eta, Amunarrizi joan egin zitzaion ontzia, Donostiarraren mesederako. Aurretik atera ziren Igor Makazagarenak. Urdaibai bost segundora heldu zen; Orio, 11ra.

Lau traineruek haizea ipar-ekialdekoa zutela ekin zioten hirugarren luze gogorrari, eta guztiek istribor aldera jo zuten, itsaslasterra baliatzeko asmoz. Bermeotarrek ez zuten nahi atzean gelditu. Gorka Aranberri patroiak gehiago eskatzen zien arraunlariei; jo eta jo ari ziren, eta lehenbailehen ziabogara iritsi nahi zuten, aurreneko kaleetara hurbiltzeko. Egindako ahalegina, baina, hutsala izan zen, eta, ontzia biratzerako, Donostiarra eta Hondarribia popareko jardunean ziren.

Azken luze bete-betean sartu ziren lau oilarrak, eta argi geratu zen Hondarribiaren eta Donostiarraren artean erabakiko zela bandera. Olatuek laugarren kaletik lehendabizikora jotzen zutenez, Arkaiz Diaz Donostiarrako patroiak istribor aldera jo zuen Torrekua, itsu-itsuan. Baina han zuen zain beste lemazain beteranoa: Amunarriz. Lehen kaleaAma Guadalupekoa-rena zen, eta bere kaleari sendo eutsi zion. 31 eskutik izanda, bikain baliatuzituen kartak. Zehazki, berdeek olatu luze bat baliatu ostean, hiru segundoko altxorra lortu zuten, eta ontzi baten aldearekin egin ziren banderaren jabe. Urdaibai 11ra heldu zen, eta Orio 22ra. Lau horiek ariko dira Zierbenako (Bizkaia) estropadako ohorezko txandan, gaur (12:15, ETB 1).

Muga-mugako maniobra

Zierbena nagusitu zen bigarren txandan, Kaikurekin lehia estua izan eta gero. Getaria sailkatu zen hirugarren, eta Santurtzi laugarren. Bi talde horiek lehen txandan ariko dira gaur, Caborekin eta Aresekin batera. Hain justu, Galiziako bi ontziak atzoko protagonistak izan ziren; azken txanpan, biak beren kalean ez zirela, Hugo Rascado Areseko patroiak muga-mugako maniobra bat egin zuen ababorrera, eta Santa Olalla de Lubre ontziak eta Cabokoak elkar jo zuten. Epaileek biak kanporatzeko erabakia hartu zuten, eta erabakia ez zitzaien gustatu gorriei. Ez batak eta ez besteak ez zuten punturik bildu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.