Kontxako Bandera

Beste hasiera bat bezalakoa

Bi asteburu egon dira elkarren parean jarri gabe Orio eta Donostiarra, eta, gaur, Kontxako Banderaren lehen jardunaldian lehiatuko dira berriz bi faboritorik handienak. Txanda berean doaz.

Orioko arraunlariak Donostiako arranplan, aurreko ostegunean, sailkatze estropadan. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2020ko irailaren 6a
00:00
Entzun
Bi talde dira ikuslerik gabe jokatuko den Kontxako Bandera irabazteko hautagairik handienak: Orio etaDonostiarra. Emakumezkoen traineru denboraldiko estropadetan gehien preziatua denaren bila, gaurtik abiatuko dira biak (10:00), baina ez doaz bakarrik. Aurreneko txandan, Arraun Lagunak, Tolosaldea, San Juan eta Hondarribia joango dira, eta bigarrengoan, bi faboritoekin batera, Zumaia eta Hibaika aterako dira.

Duela bi asteburu ikusi zuten elkar azkenekoz Oriok eta Donostiarrak, Zarauzko estropadaren bigarren jardunaldian. Harrezkero, Oriok Kontxako sailkatze estropadan bakarrik egin du arraun, eta Donostiarrak, etxekoan, Urumea ibaian, abuztuaren 26an. Berriz hastea bezala izango da bientzat, alboan aurkari zuzena aspaldiko partez ikustea. Etenaren aurreko jardunean, Oriok 11 aldiz irabazi zion Donostiarrari, eta Donostiarrak hirutan Oriori.

Emaitza horiek faboritoago egiten dute Xanti Zabaletaren (Orio, Gipuzkoa, 1968) taldea, baina ez da ari horri begira: «Guk gure lana ondo egin beharko dugu», esan du. Pentsamolde berarekin da Maialen Arrazola (Donostia, 1985) ere, Donostiarrako arraunlari eta entrenatzailea: «Guk egiten dugunarekin gustura geratu nahi dugu», azaldu du.

Faborito izaeraren inguruan, Arrazolak Oriora bota du begirada: «Guk ez daukagu Kontxako Bandera irabazteko presiorik. Tentsioa daukagu. Faboritoa Orio da». Horrek ez du esan nahi, baina, edozer eginda aseko direnik: «Geure buruari erakutsi nahi diogu gai garela bandera irabazteko».

Bi taldeak txanda berean joateari buruz, hausnarketa hau egin du: «Onenarekin alboan joatea hobe da. Orioren baldintza berberak izango ditugu, eta hori ona da». Zabaletak ez dio aparteko garrantzirik eman aurkari zuzena txanda berean joateari, eta beste kontrarioak ere aipatu ditu: «Azkenean, denak dira aurkariak, eta ezin dugu bat bera ere baztertu». Antzeko erantzuna eman du Arrazolak ere: «Ezin ditut ahaztu beste taldeak ere. Hor egongo dira horiek».

Ordutegia aurreratzeaz

Ohi baino ordubete lehenago izango da estropada, eta horrek eragina izango duela uste dute biek. Arrazola haizearen aldaketak kezkatzen du gehien: «Ez dakigu noiz aldatuko den, baina ordua aurreratu izanak leundu egin dezake aldaketaren eragina». Zabaleta: «Estropada aurreratzeak txanden arteko aldeak leunduko ditu, ekaitza ekarri ezean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.