Kontxako Bandera. Anartz Gereño. San Juango entrenatzailea

«Uste dut ziklo hau bukatu dela»

Maialen Arrazolaren laguntzaile zen iaz, eta aurten entrenatzaile bakar izan da Anartz Gereño. Uste du «talde hau erronkarik gabe geratu» dela.
OLATZ MITXELENA / OARSOALDEKO HITZA

Aitor Manterola -

2018ko irailak 11
Biharamun handirik ez zeukan atzo Anartz Gereñok (Pasai Donibane, Gipuzkoa, 1974), San Juango entrenatzaileak: «Gaur [atzo] lanera etorri behar, eta, gainera, poz handiak barruan gordetzea da ospakizunik handiena».

Bat irabaztea zaila izanda, zer ote da bost segidan irabaztea?

Bizitzan behin gertatzen da, eta, konturatzerako, pasatu egiten da. Bide luzea dago atzean, ez da urtebetekoa. Horrelako talde batekin zailena maila gorenari eustea da, burua hotz izatea. Hori izan da aurtengo erronka.

Horrelako talde handi bat entrenatzea luxua da, baina ardura ere bai?

Talde hau goia jota dago hobekuntzaren arloan, eta beste erronka batzuk sortzen dira: bandera guztiak irabaztea, adibidez. Presioa sortzen du horrek.

Irabazten denean ezin gozatuta ibiltzea dakar presioak?

Pixka bat bai. Irabazteko gurpilean murgiltzen zara, eta besterik ez duzu buruan. Helburua betetzean, hurrengoaren bila joaten zara, eta ez da behar bezala barneratzen irabazi izana. Ni orain konturatu naiz gu arraunlari ginenean lorturikoez, adibidez.

San Juan behetik sortuko taldea dela nabarmendu egin beharko litzateke, ezta?

Normalean, segida baldin badago talde batekin, emaitza onak heldu egiten dira. Baina orain zaila da hori, modan dagoelako taldetik taldera ibiltzea irabazteko helburuarekin. Oso zaila da hori. Talde batean urteak igarota errazago da irabaztea, eta guk hori egin dugu. Orain, egoera horretan daude Orio eta Arraun, eta, segitzen badute elkarrekin, emaitza onak aterako dituzte.

Uda honetako arantza bakarra izan da Euskotren ligako bandera guztiak ez irabaztea?

Espero nuen egunen batean kale egitea. Esan nien arraunlariei abuztu erdialdean, pixka bat behera egin genuelako, gero gora egiteko. Ondo etortzen dira horrelako kolpeak, dena irabazten ari denak lo hartzeko arriskua izaten baitu.

Bukatu da San Juanen aro handi hau?

Arraunlarien esku dago hori. Esaten diet hau luzatzeko, baina norbere helburuak ikusi behar dira. Erronka gabe geratu da talde hau. Bizitza dute taldeek, eta, behetik gora bezala, goitik behera egiten dute. Uste dut ziklo hau bukatu dugula, eta aldaketa izango dela.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna