Kritika. Musika

Fokuak itzalita piztu zen argia

Grigori Sokolov pianista errusiarra, atxiboko irudi batean. MARY SLEPKOVA.
2021eko abuztuaren 11
00:00
Entzun
Grigori Sokolov

Egitaraua: F. Chopinen Lau polonesa eta S. Rakhmaninoven Hamar preludio op. 23. Lekua: Donostiako Kursaal auditoriuma. Eguna: abuztuak 9.

Nazioartean ikusmira eta miresmena sortzen ditu Grigori Sokolov pianistak. Oso gutxitan aritzen da orkestrekin, nahiago baitu bakarkako errezitaldiei eustea, eta grabaketak ere urriak dira bere ibilbide profesionalean. Kursaaleko besaulki-patioan berebiziko ikusmina zegoen nagusi errusiarra entzuteko. Izan ere, iazko Musika Hamabostaldira etortzekoa zen, baina azken momentuan bertan behera geratu zen kontzertua. Urtebeteko itxaronaldia programa oparoak eta sei bisek konpentsatu zuten; denera, pianoa afinatzeko atsedenaldi teknikoa barne, bi ordu baino gehiagoko kontzertua.

Frederic Chopinen lau polonesek hartu zuten programaren lehen zatia. Lehenengo biak, op. 26 osatzen dutenak, 1836an idatzita eta Chopinek argitaratu zituen lehenak, fintasun gorenaren mailan eseki zituen Sokolovek. Hasierako bizitasunetik arpeggio birtuosoetara, melodia samur eta eraikuntza hertsagarrietatik bukaera isilera, musikaren norabidea arkatz batez marraztea posible balitz bezala. Bost urte geroagokoa da op. 44 osatzen duen polonesa, sarritan tragikoa deritzona, ezizen hori eragiten duen belztasunari mazurka batek kontrastea egiten dion arren. Ondoren, polonesa heroikoa (op. 53). Eskala dobleetan, trinoetan, oktaba azkarretan zein akorde handietan Sokolov beti doi, beti instrumentua zabalera osoan menperatuz, beti musika aurretik jarriz.

Sergei Rakhmaninoven Hamar preludio op. 23 izan ziren gero, XX. mendea estreinatu berri zela konposatu zituenak. Tekletatik jaio zen lilurak giroa txaloz birrintzeko adorerik edo aukerarik ez zuen eman, eta, edonola ere, segidan interpretatu zituen Sokolovek. Dinamikak, ñabardurak, tempoak, legatoak beti hor egon izan balira bezala, naturalak direla dirudite errusiarraren eskuetan, ezin beste era batera izan. Horren erakusle bikainak izan ziren si bemol maiorrean (Maestoso) zein sol minorrean (Alla marcia) dauden preludioak.

Fokurik gabe, irribarrerik gabe, solemne, pianoari eta publikoari gur. Itzala uzteko nahikoa izaten baita norberak sortzen duen argia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.