Ez da San Fermin

Sanferminik ez izan arren, zuri-gorriz jantzi dira iruindarrak. Txupinazoaren orduan pankarta bat paratu dute udaletxean, eta polizia anitz izan da.

Polizia anitz. Udaltzaingoaren arabera, 250 polizia inguruk hartu dituzte Alde Zaharreko karrikak. JAGOBA MANTEROLA / @FOKU.
Iker Tubia.
Iruñea
2020ko uztailaren 7a
00:00
Entzun
Egun arrunta zela behin eta berriro errepikatu arren, atzokoa ez zen egun arrunta izan. Ekaitzaren aurreko lasaitasuna sumatu ohi da Iruñean uztailaren 6ko goizean. Atzo ere bare-bare esnatu ziren Alde Zaharreko karrikak, isilik. Urduritasuna airean, zer gertatuko. Kuadrilla zuri-gorri gutxi batzuk ikus zitezkeen Kale Nagusian eta Mercaderesen, iturri bakartia Nabarrerian, basamortua Gazteluko plazan. Eta polizia, polizia anitz. Atzo ez zen barearen ondoko ekaitzik izan hiriburuan. Ez zen sanferminik.

[YouTube]https://youtu.be/i2JnRbek_ws[/YouTube]

Bestarik ez izan arren, Enrique Maia alkateak prentsaurrekoa egin zuen 11:00etan udaletxean. Prentsa aretoko balkoian bandera ofizialak masta gainean ziren, metxa usaina haietan gelditzeko arriskurik gabe. Oihal batekin estali zituzten balkoiak, eta zinta gorri batek debekatzen zuen pasatzea. «Hunkiturik» agertu zen Maia,baina larderiaz mintzatu zen: «Gauzak ongi egin ditugu, eta seguru nago ongi bukatuko dela dena herritarren ardurari esker. Orain herritarren ordua da: guk baliabideak jarri ditugu, herritarrak ez badira arduratsuak ezinen dira arauak bete».

Eguerdian zuri-gorriz jantzitako hainbat lagun eta kazetariak bildu ziren plazan. Terrazetan kafea hartzen ari ziren batzuk, ekainaren 6a balitz bezala. Maskarak han eta hemen, haietako asko sanferminetako irudiekin hornituak, eta sakelakoak eskuetan, une historikoa betiko gordetzeko gertu. Kameren fokua bilatzen zutenak ere agertu ziren, udaletxe ataria photocall bihurtuz.

Poliziak sarrerak itxi zituen 11:45ean, eta berehala hartu zuten plaza «Gora San Fermin» oihuek eta irrintziek. Une horretan, zapiak zerura zuzendu zituzten herritarrek: klin-klon, erlojuko ezkilekin batera pankarta handi bat bota zuten udaletxeko balkoietatik behera. Zapi gorriaren itxura zuen, eta mezu bat: Biziko ditugu. Gaztelerak hartzen zuen pankartaren zatirik handiena, eta letra txikiagoz idatzirik, ingelesaren eta frantsesaren pare zen euskara. 12:00ak ziren, eta udaletxekoaren faltan, suziriak bota zituzten nonahi: Donibanen, Mendillorrin, Arrotxapean... auzoetatik heldu zen burrunba, baita zenbait herritatik ere.

Oihuren bat, txaloak bai, baina giro hotza nagusi. «Oso arraroa izan da. Malkoak ateratzen zitzaizkidan baina ez dakit 2021ekoan pentsatzen edo orain konturatu naizelako ez dugula sanferminik izanen», azaldu zuen Ainhoa Gonzalez txistulariak. Plazan jabetu zen ordura arte erabat onartu ez zuenaz. «Festetan ez dut deus eginen; erdizka egiteko, hobe ez egitea». Txistua jotzen egon beharko luke, Pamplonesakoekin eta gaitariekin ezkaratza partekatzen. Baina pandemiak izorratu dio plana.

Hala ere, atzo gosaririk ez zen faltatu. Asko etxeetan, baina baita ostatuetan ere. Beste auzoak zuri-gorriago jantzi ziren gosarien orduan. Arrautza, xingar eta tomate platerak dantzan aritu ohi dira bi astoren gainean kulunkatzen diren oholetan. Atzo ez zen halakorik Alde Zaharreko karriketan. Nabarreriako Mesonen atea itxita eman zituzten gosariak. «Oso tristea da, eta arraroa», esan zuen Raquel Tornerok. Ostatu hartan gosaltzen ari zen. «Auzokoak elkartu gara, betiko moduan. Besta gogoa dugu, baina erreparoa ematen digu». Arratsaldean izan zen girorik, poterik... baina ez sanferminetan bezala.

Polizia kontrolak nonahi

Mucha policía, poca diversión (Polizia asko, dibertsio gutxi) kantatzen zuen Eskorbutok 1980ko hamarkadan, eta atzokoak izan zuen horretatik zerbait: kolore guzietako poliziak, eta besta gutxi. Udaltzainek eta foruzainek kontrolak paratu zituzten Udaletxe plazan eta Gazteluko plazan, baita zenbait karriketako sarreretan ere. Espainiako Poliziaren furgonetak eta istiluetarako polizia anitz ibili ziren Mercaderes eta Mañueta kaleetan, baita udaletxearen inguruetan eta Kale Berrian ere. «Ezin dugu atzendu laugarren mailako alertan gaudela», azaldu zuen Javier Goia udaltzainburuak. Jihadismoaren kontrako neurria omen zen istiluen kontrako poliziarena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.