Koronabirusa

«Ez da okerragoa, langileen lanari esker, baina akituta gaude: akituta»

Gutxienez hamar egoiliar hil dira egunotan zahar etxeetan. Langileak eta senideak kexu dira

Sanitasen San Miguel egoitza, Gasteizen. Bederatzi egoiliar hil dira han. RAUL BOGAJO / FOKU.
arantxa iraola
2020ko martxoaren 20a
00:00
Entzun
«Egoera okerrera ez badoa da sektoreko langileen lanari esker; ahal dugun guztia egiten ari gara, baina akituta gaude: akituta». Arabako zahar etxe bateko langilea da solaskidea, ELA sindikatuko ordezkaria. Ez du izenik eman nahi. Baina aintzakotzat hartzeko modukoa da bere lekukotasuna; izan ere, adineko pertsonak gordin erasaten ditu COVID-19 gaitzak, eta egoera zinetan larria da hainbat zahar etxeetan. Gasteizko San Martin auzoko Sanitas zahar etxean, esaterako, bederatzi egoiliar hil dira, eta Arabako Foru Aldundiak onartu du egoiliarren erdiak birusak kutsatuta daudela.

Atzo jakin zen, halaber, Baionako Haranbillet zahar etxeko paziente bat kutsatu duela koronabirusak; 86 urteko emakume bat da, eta iragan asteartean eraman zuten Baionako ospitalera, sintomak zituelakoan. Herenegun jaso zuten erantzuna: positiboa da egin dioten testa. Ekintza Sozialerako Herriarteko Zentroak (CCAS) kudeatzen du zahar etxea, hala, Euskal Hirigune Elkargoak segurtatu du «beharrezko neurriak» hartu dituztela Haranbilleteko egoiliar eta langileentzat.

Arabako langileen ordezkariak azaldu du beren asteotako lan jarduna guztiz zedarritu duela gaixotasunak, eta nahi eta ezinean ari direla egoitza zenbaitetan. «Zentro askotan, batez ere txikienetan, ez dago baliabiderik, eta ez dago informaziorik; aspaldi salatzen ari ginen prekaritatea, eta ageri-agerian geratzen ari da orain». Babeserako materialak, esaterako, usu berandu iritsi zaizkiela deitoratu du: «Zenbait kasutan, oso berandu. Batez ere, zentro txikietan; badira, adibidez, maskararik gabeko tokiak adinekoentzako etxebizitza komunitarioetan-eta. Zentro handietan badira, baina erabilera arrazoizkoa egiteko esan izan zaie langileei, eta are, berrerabiltzeko ere bai zenbaitetan. Zenbait material berrerabiltzen ari dira, eta, berez, behin bakarrik erabiltzekoak dira». Langileek gaixotzeko beldurra dutela esan du, eta gaixotasuna transmititzekoa. «Izan ere, ez dira ari testak egiten; badira langileak, adibidez, etxean daudenak modu prebentiboan, sintomaren bat izan dutelako, baina ez die inork ere testik egin... Eta egoera horretan nork artatzen ditu egoiliarrak? Badira langileak txandak bikoiztu behar izan dituztenak, eta hamabi ordu baino gehiagoko lanaldiak egiten ari direnak». Arduratu egiten ditu egoerak, eta izan dezakeen bilakaerak. «Segurtasun irudia eman beharko litzaiguke; segurtasuna sentitzeko, eta transmititzeko». Gogora ekarri du osasun egoera kalteberan daudela egoiliar asko eta asko, eta senitartekoen bisitak debekatuak dituztela orain, gainera, epidemiaren ondorioz. Ahulagoak egiten ditu horrek.

Sanitas San Martin zentroko egunotako jardunaren lekuko izan den langile batek ere mintzatu nahi izan du BERRIArekin: anonimoki. Jada birusa egoitzara heldua zela hasi zen beharrean bertan. Gertatzen ari zenari buruzko informaziorik ez zutela salatu du: «Batere ez. Ez ziguten ezer esaten». Materiala ere falta zela ikusi zuen zenbait unetan: «Ez zen aski. Betaurrekoak, adibidez, ni han nengoela iritsi ziren: bi, denentzat». Egun batzuen buruan, lana uztea erabaki zuen. Etxekoekin akordatu zen, familiarekin: «Izutu egin nintzen». Langile eskasia handia ikusi du berak ere: «Ni han lanean nengoela, adibidez, hamabi orduko txandak egitea proposatu zieten lankideei». Miretsi egin du haien lanerako jarrera: «Izugarrizko lana egiten ari dira».

Gipuzkoan ere arazoak

Arazoak heldu dira Gipuzkoako zentro soziosanitarioetara ere; 11 kasu positibo atzeman direla onartu zuten atzo Gipuzkoako Foru Aldundiko iturriek. Tolosako Iurramendi zaharren egoitzan, urritasunak dituzten pertsonentzat Hondarribian dagoen zentro batean, eta Donostiako Berriz 1 zahar etxean agertu dira. Bederatzi eri egoera onean daudela esan zuen atzo aldundiko eledun Eider Mendozak, eta bi, larri: «Aurrez patologiak zituztelako». Halakoetarako protokoloak indarrean daudela esan zuen, eta «lasaitasunez» hartu behar dela egoera.

Ardura ezkutatu ezinik daude, ordea, Gipuzkoako zahar etxeetako egoiliarren senitartekoak. Epidemiaren ondorioz zentro «askotan» hartu diren neurriak desegokiak iruditu zaizkiela esan dute. Bisitak ukatuak dizkiete, ezin dituzte senitartekoak ikusi, eta «inkomunikazio» hori apurtzeko ez dela «ahaleginik» egin sentitu dute. Salatu dute, halaber, babeserako materiala falta dutela langileek: «Badira maskararik ere ez duten zaintzaileak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.