IRITZI BILKETA

2015eko uztailaren 16a
00:00
Entzun
«Legea abstraktua da askotan; hobea da gauza errealak aldarrikatzea»

Mikel Bujanda Kazetaria

Euskalerria Irratian oraindik ez dutela gaiari buruzko irakurketa bateraturik egin esan du Iruñerriko euskarazko irratiko zuzendariak. «Nire iritzi pertsonala da hau». Lanerako abiapuntu egoki bat ikusten du akordioan euskararako. Igaro urteotan UPNk euskararen kontra izan duen jarrera argiaren ondoren —«gorrotoa» erakutsiz gobernatu dutela dio— , beste aro baten hasierarako ondo ikusten du testu berria. «Jokaera aldatze hutsarekin, eta bidegabekeriak zuzenduta, badago nahiko eremu lanerako», azaldu du. Euskararen lege berri baten aldeko urratsik egin ez bada ere, uste du egungo araudi barruan, pitinka, egin daitezkeela urrats nabarmenak euskararen alde. «Legea da askotan gauza abstraktu bat; hobea da gauza errealak aldarrikatzea».

«Ez da ulertzen hainbat urtez kritikatua izan den lege bat ez aldatzea»

Paul Bilbao Kontseilua

Akordio programatikoko puntuak leitzean baikortasunerako motibo asko ikusi zituela ez du ukatzen Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok. «Elementu interesgarriak daude. Hau guztia betetzen bada, aldaketak egongo dira». Euskararen Legea bazterrera utzi eta euskararen ofizialtasuna Nafarroa osora hedatzeko desadostasunak izan direla jakiteak, ordea, arrangura eragin dio. «Ezin da ulertu Nafarroako herritar guztiei eskubide berdinak aitortuko dizkien lege bat ez abian jartzea; ulertezina eta kezkagarria da. Zein arazo egon daiteke herritar guztiei eskubide berdinak aitortzeko? Ez da ulertzen hainbat urtez kritikatua izan den lege bat ez aldatzea». Pitinka-pitinka joan beharra ulertzen du. «Badakigu politika epekakoa izango dela, goizetik gauera ezin da aldatu». Baina eskubideen aitortzan jarrera irmoagoa nahiko luke.

«Hemeretzi puntuetan aldaketa esanguratsu eta egokiak daude»

Helios del Santo AEK

2012ko urritik zentimo bakar bat ere jaso gabe. Halaxe utzi ditu igaro urteotan gobernuak Nafarroako AEK eta IKA sareetako euskaltegiak. Horregatik, akordioan euskaltegiei berehala laguntza ematen hasi eta finantzaketa iturriez berriro mintzatzen hasteko jasotako asmoa «begi onez» hartu dutela azaldu du Nafarroako AEK-ko eledun Helios del Santok. Ituna, oro har, aintzat hartzekoa iruditzen zaio. «Hemeretzi puntu horietan aldaketa esanguratsu eta egokiak daude. Argi dago ez dela nahikoa, baina ibiltzen hasteko egokia da», adierazi du. «Arkitektura juridikoari dagokionez aurrerapauso nabarmenik ez dago, herren geratu da. Baina jardun politikoa ere garrantzitsua da, eta horretatik, esango nuke asko dagoela». Ongietorria izango da: «Arnasa behar dugu».

«Arnasguneak aipatu izana aurrera urrats handia da guretzat»

Maren Belastegi Uema

Udalerri Euskaldunen Mankomunitate Uemako ordezkariek, bereziki, akordio programatikoaren 17. puntuari erreparatu diote. «Euskararen ezagutza handi eta erabilera orokortuko» espazioei egin diete bertan erreferentzia, alegia, haien izenik esan gabe, arnasguneei. Eta udalerri euskaldunentzat azkenaldian jardunerako oinarri bihurtu den kontzeptu hori paper zuriaren gainean idatzita ikusteak bereziki poztu ditu Ueman. «Arnasguneak aipatu izana aurrera urrats handia da guretzat», onartu du mankomunitateko lehendakari Maren Belastegik. Igaro urteotan Nafarroako Gobernuarekin harremanak ia ezdeusak izan direla adierazi du, eta «elkarlanerako» abiapuntu berri bat nahi dute legealdi berrian. «Faseka» egin beharreko prozesu baten ernamuina ikusi dute akordioan; eta begi onez hartu dute, oro har. «Jartzen duten dena betetzen badute, gaizki ez goaz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.