Albistea entzun

ANALISIA

Errusiak ordaindu egin beharko du

Xabin Makazaga -

2014ko irailak 7

Petro Poroxenko ez zen Ukrainako presidente izango, hiru hilabeteko protesten ondoren Kieveko erdigunea indarrez hartu zuten neonaziek otsailaren 22an ez balute Viktor Janukovitx presidente ustel baina hautatua agintetik kenarazi. Estatu kolpe parlamentario baten ondoren, Errusian babestu behar izan zuen Janukovitxek, Poroxenkok berak diruz eta baliabidez ondo hornitutako neonazien oldarralditik ihesi.

Janukovitx arazo bihurtua zen Europako Batasunarentzat, 2013ko azaroan Bruselarekin elkartze akordioa sinatzeko planak izoztu zituenetik, Ukrainari zer ordain eskatuko zion jakitun baitzegoen. Bi aldeak limurtu nahi izan zituen, Aduana Batasunean jarraitzeagatik Moskuk zer eskainiko eta Errusiarekin hausteagatik Bruselak Ukrainari zenbateko laguntza emango zion negoziatzen zuen bitartean.

Ordurako begi guztiak Kieveko Euromaidan plazara begira zeuden: behinola Mendebaldearekin loturak estutzearen aldeko protesta baketsua izan zena, talde paramilitar neonazien gotorlekua zen jada. Eta Europako Batasuneko agintariak bata bestearen ondotik pasatu ziren Kieveko plazatik, oposizioarekin trantsizioa ondo lotu nahian, Errusiaren espazio historikoa izan zena erakartzeko.

Sobiet Batasuna desegin osteko piezarik preziatuena zen Ukraina Mendebaldearentzat, eta neke handirik gabe irentsi zuten estatu kolpearena eta neonaziena. Berriz hauteskundeak egin eta kito, beren aldeko bat presidente.

Krimea ordurako Moskurekin bat eginda zegoen, errusiazaleek Ukrainako soldaduak indarrez bota eta halamoduzko erreferendum batean Errusiari batzea erabaki ondoren. Eta antzeko adierazpena egina zuten Donetsk eta Luhanskeko herri errepublikek, hor ere gerra giroan erreferendumak egin ostean.

Errusiar hiztunen defentsa Errusiako mugaz haratago eraman izana eta Ukraina ekialdeko herritar errusiartuei emandako babesa, baina, garesti ordainaraziko diote Vladimir Putini. Errusia barruan herritarren nekea eragitea da AEBek eta Europako Batasunak agindu dituzten zigor gogorren helburua, Putinek pausoa aldatzea baino gehiago. Ukrainako gatazkak areagotutako sukar nazionalistan errusiarren %80k presidenteari aitortzen dioten onespena galtzea, eta Putinen inguruan bertan haren aurkako mugimenduak eragitea, etorkizun ez oso urrun batean agintetik botako duten itxaropenean.

Ostiralean su-etena sinatu eta Ukrainako Gobernuaren eta Donbasseko matxinoen ordezkariek negoziazioak hasi dituzten arren —bateraezinak dira bi aldeen jarrerak—, ez dirudi Mendebaldeak presioa arinduko duenik Errusiari buruz. Indar posizio batean dago —Europak Errusiako gasarekiko duen menpekotasuna gora-behera—, eta indarra erabiltzeko prest. Errusiak, 1,6 bilioi euroko barne produktu gordinarekin, gasaren iturria dauka AEB eta Europako Batasunak pilatzen duten 25 bilioiko BPGari aurre egiteko, batak bestearen aurkako neurriak hartzen jarraituz gero.

Errusia, ordea, «potentzia erregional bat» baino gehiago da. Barack Obama AEBetako presidenteak propio Putin mintzeko erabili zituen hitz horiek aurtengo martxoan, Ukrainako gatazkak ez zuela «munduko herrialde ahaltsuena» Errusiarekin gerra batera eramango esatearekin batera. Baina Ukraina ekialdeko gerraren bilakaerak, matxino errusiazaleek izan duten susperraldiak —Moskuren laguntzari esker, Mendebaldeak salatu duen gisan— Errusia «mehatxutzat» hartzera eraman du NATO. Etxeko atariraino sartu zaio Putini Aliantza Atlantikoa, Sobiet Batasuna desegin osteko Errusiaren ahulezia baliatuta, eta bi aldeen arteko harremanak arautzeko sinatu zuten Sortze Agiria paper bustia da. Hitz gozoagoko garaietan ere hala zen, Washingtonek eta Moskuk arma nuklearrak gutxitzeko egindako akordioak gora-behera.

Orain, Errusiari Putinen desafioa ordainaraztea da Mendebaldearen asmoa, zigorrek eragindako kalteen faktura errusiarrek gero Putini pasatzeko. Gerra Hotza izatera ez da iristen, baina negua hurbiltzen ari da; eta gasaren giltza Putinek dauka, oraindik.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Hainbat sudandar, herrialdeko armadaren aurkako protestan, ekainaren 3an, Khartum hiriburuan. ©ELA YOKES / EFE

Sudango krisi politikoa gainditzeko akordioa sinatu dute junta militarrak eta oposizioak

Mikel O. Iribar

Hitzarmenaren helburuak dira «gobernu zibila» osatzea eta bi urteko epean bozak egitea. Parlamentuko eserlekuen %40 emakumeek beteko dituzte. Estatuko hainbat eragilek itunaren aurkako protestara deitu dute.

Emakume bat burua estalita, atzo, Teherango kaleetan. ©STRINGER / EFE

Mobilizazioei eusteko eskatu dute Iranen, Moralaren Polizia desegin dutela zabaldu ostean

Edu Lartzanguren - Maddi Iztueta Olano

Datozen hiru egunetan manifestazioak eta grebak egitera deitu du oposizioak. Gobernuak, ordea, ukatu egin du Polizia taldea sakabanatu izana.

Macron eta Putin prentsaren aurrean, joan den otsailaren 7an Moskun egindako bileraren ondoren. ©EFE

Macronek eskatu du Errusiaren segurtasun bermeak aintzat hartzeko

Igor Susaeta

Frantziako presidenteak elkarrizketa batean adierazi duenez, Putinek gerraren amaiera negoziatzea onartzen baldin badu, aintzat hartu behar da NATO «bere ateetaraino heltzeko duen beldurra»

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...