Angel Aldarondo.
ZIN-ZINEZ

Katu jendea (eta II)

2016ko apirilaren 20a
00:00
Entzun
Zuzeneko musikarekin berriz bat egiten saiatuko da, alferrik. VJ-ak tinko eusten dio bere distrakzio-maniobrari. Beste aurpegi ezagun bat jarri du zuri-beltzean. Aldaketa ez da ausazkoa, ondo kateatu ditu. Anna Karina da begirada berriaren izena, nouvelle vague mugimenduaren izar distiratsua.

Nastassja bezalaxe, edertasun itsugarriaren jabe da Anna, begirada sarkorreko aktore bitxia. Sentsualtasun aberekoia eta samurra aldi berean, guztiz anbibalentea, indartsua eta hauskorra. Biziraupena sumatzen da beraien erretinen ostertzean, ilargian eta infernuan bizi den emakumearen begiradak dira biak, trantsizio emozionalik gabe.

Anna ere, zoritxarreko haurtzarotik bizirik atera zen, gurasoen abusuei biziraun, artista aldartetsuei, Godarden jenioari, baita Gainsbourg bonvivant-ari ere. Aktore gisa ospe handia lortu arren, ibilbide malkartsua landu zuen. Berari ere, ama izan nahi duen stripper gazte baten pertsonaiak ekarri zion munduko fama. Nahigabe, zinemaren fikzioa autofikzio bilakatu zen beraientzat.

Kontzertura bueltatu da bateria jotzailearen erruz, neska ilehori sexya ernegu handiz kolpatzen baitabil dunbala. VJ-a irudiak primeran doazela ohartu, eta «edertasuna izango da arazoa» pentsatu du.

Biak, Anna eta Nastassja, beraien berezko edertasunaren mendean hazi ziren, gaztetatik harrapakin errazak, gizonen erotasunaren biktimak. Almodovarren film baten pertsonaiak izan zitezkeen, zinemagileak foiletoi-esperpento-histerikoa egiteko joera izango ez balu. Hobeto pentsatuta, Under the Skin filmeko alien pertsonaiaren azalean ikusten ditut, ulertzen ez duen haragikoitasun tolesgabearen barnean, ehizaki bilakaturik. Onartua dagoen egia unibertsala da zinemaren historia gizon lotsatien konjurazioa dela —xarma gutxikoak, sexu-obsesoak, gizenak— emakume liluragarriez inguratzeko.

Kontzertua amaitu da, irudiak itzali. Nasstasjaren katu-begiek argitzen dizkiote oroitzapenak. Zinemaldian erakutsi zion jite desorekatua gehiago maite du orain. Bere katutxo mukerraren mugimenduekin, edozein bero-iturri besarkatzeko prest, urruma egin arte. Nola ez zuen maitatuko ba.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.