Arrauna

'Piraten' abordatzea

Arraun Lagunak-ek ezustean irabazi du Ondarroan, eta estreinako garaipena lortu du Euskotren ligan. San Juan, liderra, hirugarren izan da

Andrea Astudillo Arraun Lagunak-eko patroia, bandera astintzen, atzo, Ondarroan. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2018ko abuztuaren 12a
00:00
Entzun
Euskotren ligak azken-laugarrengo estropada zuen atzo, eta aldez aurretik, bi kontu zeuden zalantzan: San Juan gai izango ote zen irabazten segitzeko, aurreko jardunaldi guztietan bezala, eta,horrekin lotuta, ea Oriok lortuko zuen pasaitarrei aurrea hartzea. Inork espero ez zuena gertatu zen, baina. Arraun Lagunak sartu zitzaien aurretik ligako lehen bi sailkatuei, eta denboraldiko aurreneko ezustea eman zuen. Kutsu historikoa du atzokoak, lehen bandera dutelako donostiarrek Euskotren ligan. Noiz, eta Donostiako festak eta piratak protagonista bihurtzen hasi ziren egun berean.

Estropada zirraragarria izan zen, aldakorra eta gorabehera handikoa. Lehia hasi orduko, laugarren kaletik zihoan San Juanek muturra sartu zuen, eta pare bat segundoren aldeko errentaren jabe egin zen. Ezusterik ez. Ezta bigarren lekuan ere, Orio baitzetorren hor. Hondarribia hirugarren eta Arraun azkena joatea bazen ezustea, azkenaldiko estropada guztietan lekuak trukatuta bukatu baitzuten biek. Ziabogan, baina, Arraun zen hirugarren. Aurretik zeuzkan, ordea, Orio eta San Juan, sei segundo bizkorrago.

Traineruei buelta eman eta segituan, Oriok burua hartu zuen, eta alde onarekin, gainera. Berehala atera zion hiru segundorenaldea San Juani, eta Arraun bost segundora zeukan. Oriotarren lehen garaipena Euskotren liga honetan gertu zegoen, baina bi aurkariak gainera etorri zitzaizkion. Arraun hirugarren kaletik, eta San Juan laugarrenetik, lehen kalea zuen Orioren parera etorri ziren. Zortzigarren minutuan, Orio eta San Juan ziren buruan, San Juan bakarrik ere geratu zen lehen postuan, baina azken txanpan, lehia Orioren eta Arraunen artera mugatu zen. Azkenean, Donostiara joan zen bandera. Gaur, beste lehia bat daukate: Hondarribian (11:45, ETB 1).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.