Rayo 1-0 Eibar

Aurkari bat berpiztu du

Galdu egin du Eibarrek Rayo Vallecanoren zelaian, lehen zati ona eta bigarrengo eskasa egin eta gero. Hamar partida zeramatzan irabazi gabe etxeko taldeak

Adrian Embarba Rayoko jokalaria, atzoko partidako goleko errematean. Aurrea hartu zion area txikian Ivan Ramis Eibarreko atzelariari. RODRIGO JIMENEZ / EFE.
Aitor Manterola Garate.
2018ko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Golak. 1-0: Embarbak (43. min). Epailea.Undiano Mallenco. Txartel horiak: Rayoko De Tomas, Imbula, Elustondo, Trejo, Alex Moreno eta Embarbari, eta Eibarreko Diop, Jordan eta PeƱari. Bestelakoak. 11.257 ikusle Vallecas estadioan.

Eten zaio bolada ona Eibarri, noiz eta San Andres egunean, eta hiru partida segidan galdu gabe egon eta gero, aurkari zuzen baten etxean egin du kale, Rayoren zelaian bart galtzaile izan eta gero.

Ez zuen ematen hala izango zenik, etxetik kanpoko beste hainbat partidatan bezala aritu baitzen Eibar lehen zatian: menderatzaile. Ez zion utzi Rayori zelai-erditik pasatzen, ez bazen baloi luze gutxi batzuen bidez. Baloia atzetik jokatu zalea da etxeko taldea, eta ondo esana zuen Mendilibarrek bezperetan jokamolde hori egokia zela Eibarrentzat presioa ondo egingo bazuen.

Ondo egindakoan baloia lapurtu zuen, eta hain ondo egin ez zuenetan ere baloiaren jabe egin zen, etxekoek oparituta. Baina etxetik kanpoko beste partida askotan bezala, menderatzaileari harrapakina ehizatzea falta izan zitzaion: futbolera ekarrita, aukerak sortu eta golak sartzea. Lehen jaurtiketa aurreneko minutuan egin bazuen ere Escalantek, hortik aurrera beste lau baino ez zituen egin, eta bi bakarrik joan ziren atera. Garbiena Jordena izan zen 24. minutuan. Eskuin hegalean baloia lapurtu eta gero, ezkerraldera eraman zuen Eibarrek, eta Jose Angelen erdiraketa onari burua jarri zion Jordanek, baloiari botea emanaraziz. Baina Dimitrievski atezainak dotore urrundu zuen baloia.

Bigarren zatirako geratu ziren erantzuna behar zuten galderak: Eibar gai izango al zen nagusi izaten segi, baina erasoan arrisku gehiago sortzeko? Rayok aldatuko al zuen zerbait, edo asko, menperatua izatetik lehia berdintzeraino gutxienik?

Etxekoek azkar kendu zuten galderaren kezka gainetik, beste estrategia batekin zelairatu zireleko. Taldea atzetik gorago jarri zuten, defentsan Eibarrekoak estutuz zelaiko leku guztietan, eta baloia armaginen zelaian azaltzen hasi zen. Mendilibarrenek ez zituzten lehen zatian izandako erraztasunak baloia lasai erabiltzeko, eta presioa egin ezinda ere bazebiltzan. Etxekoek atzean jokatzeari uko ere egin zioten, eta aldaketa sorta horrek emaitza ere eraldatu zuen.

Aukera bakarrarekin, gola

Nahikoa izan zuen Rayok atera jaurtiketa bat egitea gola egin eta partida irabazteko. 53. minutuan, ezker hegaletik jositako jokaldian, Embarbak area txikitik egin zuen gola. Futbola zer den: lehen zatian Eibarrek erabateko nagusitasuna azaldu, baina ezer sortu ez, eta bigarrenaren hasieran, jokaldi bat nahikoa izan zuen Rayok partida irabazteko.

Gola jaso eta hogei minutura egin zuen aurreneko aukera Eibarrek, Kike Garciaren bidez. Partida amaitu artean, Rayo atzean sartu zen, eta lehen zatiaren traza hartu zuen jokoak, Eibar menderatzaile zela. Baina ez zuen ezertxo ere sortu gola sartu partida berdintzeko, eta azkar itzali zaio Real Madrilen aurka irabazteak piztutako sua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.