Albistea entzun

Iruñeko taldeko sexu erasoa. Erreakzioak

Benetako justizia eske

Sententziaren harira egin diren kritika gehienek justizia sistema berrikusteko eskatu dute. Gizonen neurrira eginda dagoela uste dute, eta aldatu behar dela.
2016ko sanferminetako talde bortxaketaren ondoren, milaka lagun atera ziren kalera, Peñen Federazioak deitutako manifestaziora.
2016ko sanferminetako talde bortxaketaren ondoren, milaka lagun atera ziren kalera, Peñen Federazioak deitutako manifestaziora. JESUS DIGES / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Ane Eslava -

2018ko apirilak 27 - Iruñea

Sanferminetako talde bortxaketaren auziaren epaiak erreakzio anitz eragin ditu. Jende askok sare sozialen bitartez kritikatu du epaimahaiaren erabakia, eta herri eta hiri askotan elkarretaratzeak egin dituzte. Nafarroako Gobernuko eta Iruñeko Udaleko ordezkariek haien desadostasuna adierazi dute, bai eta alderdi politikoen eta sindikatu gehienek ere. Motibo ugari plazaratu dira sententzia kritikatzeko. Laura Berro Iruñeko Udaleko Berdintasun eta LGTBI zinegotziaren ustez, esaterako, epaiketa ez da justua izan: «Ez da justiziarik egin». Erantzukizuna emakumearengan jarri izana kritikatu du, bost erasotzaileengan jarri beharrean. «Zoritxarrez, justiziak bere bitariko jokabidea erakutsi du, berriro ere». Zinegotziak adierazi du hori dela-eta beharrezkoa dela justizia sistema osoa «berrikustea». Harekin bat dator Irati Gonzalez Bilgune Feministako kidea: «Kasu askotan ikusten dugu erasoa egin diotena epaiketara doala segurtasun gutxirekin, zaurgarri; justizia erabat patriarkala baita». Gizarteari eskatu dio sistema judizialaren inguruko hausnarketa egitea.

Tere Saez Andrea Astelehen Liletako kideak, berriz, nabarmendu du epaimahaiko kide batek akusatuen absoluzioa eskatu izana. Arbuiagarritzat du: «Epaile horrek emakumeoi esan digu objektu sexual bat garela, eta gizonezkoei, berriz, nahi dutena egin dezaketela; hori oso larria da». Horregatik, adierazi du «ezinbestekoa» dela epaileei genero ikuspegiaren inguruko trebakuntza ematea.

Sententzia hau «oso garrantzitsua» zela nabarmendu dute Saezek eta Berrok, beste auzi batzuetarako aurrekaria ezar dezakeelako. «Eta epaiak erakutsi du ez dela ezer gertatzen halako ekintzak egiteagatik», salatu du Saezek. Berrok ohartarazi du oso garrantzitsua dela emakumeek sufritzen dituzten erasoak salatzea, eta, arlo horretan, epaiak ez duela «lagunduko».

Zinegotziaren iritziz, erasotzaileek zigor handiagoa jaso izan balute ere, arazoa ez litzateke hor amaituko. «Egunero daude sexu erasoak eta epaiketak». Hori dela eta, aferaren errora joateko eskatu du: «Arazoa gizarte matxista hau da, eta hori aldatzeko lan egin behar dugu». Horretarako, premiazkotzat jo du gizonezkoek haien pribilegioak «berrikustea»; konponbidearen parte izan behar dute.

Bestalde, sententzia epaiketa egin eta bost hilabetera atera izanak ere kritikak eragin ditu. «Justiziak, justua izateaz gain, azkarra eta arina izan behar du», nabarmendu du Saezek. Azaldu duenez, epaiketaren ostean horrenbeste denbora itxaron behar izateak «estualdia» sortzen dio biktimari, eta halako egoerak saihestu egin behar dira. «Gainera, auzi honetan arintasuna are garrantzitsuagoa zen, emakumeenganako sexu indarkeriaren aurrean erantzuteko orduan mugarri izan zitekeelako». Horrez gain, Saezek salatu du epaiketaren prozesuan ez dituztela bermatu biktimaren eskubideak. Izan ere, emakumeak bideokonferentzia bidez deklaratu nahi izan zuen, eta Nafarroako Lurralde Auzitegiak eskea ukatu zion.

Auziak oihartzun handia izan du hasieratik, eta hedabide askok gertutik erreparatu diete kasuaren xehetasun guztiei. Zenbait elkartek jokabide hori kritikatu dute, eta adierazi dute auzi hau gainontzeko guztiak bezala jorratu beharko litzatekeela. Imanol Azkona Iruñeko Peñen Federazioko zuzendariak azaldu duenez, gertaerak hasieratik hartu zuen tamaina ikusita, haiek erabaki zuten beste eraso batzuk lantzen dituzten moduan lantzea, eta erantzun bera ematea: «Saiatu ginen biktimari babesa ematen, eta argi uzten Iruñerrian ez dugula nahi halako jarrerarik». Bilgune Feministak ere kritikatu du hedabideen jarrera. Mugimenduko kide Irati Gonzalezen ustez, «positiboa» da komunikabideetan halako erasoen berri ematea, baina oraingoan —beste batzuetan bezala— informazioaren tratamendua «ez da arduratsua izan».

Hainbat arrazoi eman ditu: «Batetik, hartu dute kasu berezi bat izango balitz bezala, bakana eta larriagoa; eta ez dute kokatu sistemak duen arazo baten barruan».Gogorarazi du 2016ko sanferminetan intentsitate ezberdineko 11 eraso sexista jazo zirela, eta guztiak «oso larriak» izan zirela. Erasoen mailakatzeek kaltea besterik ez dakartela pentsatzen du. «Bestetik, gehiegi hitz egin dute erasoa jasan duenari buruz, eta haren intimitate eta pribatutasun eskubideak urratu dituzte». Hortaz, hedabideei eskatu die sentsazionalismoa alde batera uzteko eta arduraz jokatzeko halako albisteak tratatzeko orduan.

Gaiak hartutako tamainaren ondorioz, prozesuan hainbat ahotsek ezbaian jarri dute behin eta berriro emakumearen testigantza; batik bat sare sozialetan ugariak izan dira era horretako iruzkinak, askotan anonimotasunean babestuta. Saezek adierazi du jokaera hori «ohikoa» dela sexu erasoen salaketen aurrean, eta horrek guztiak biktima are gehiago biktimizatzen duela: «Gure hitza beti jartzen da zalantzan, sistematikoki, eta frogaezinak diren gauzak frogatu behar izaten ditugu». Haren ustez, horrek zaildu egiten du emakumeek indarkeria kasuak salatzeko pausoa ematea. Horregatik, hori egiten duten emakumeen ausardia txalotu du, aurrean bide zaila izaten baitute. Ideia horri heldu dio Irati Gonzalezek ere: «Halako eraso bat jasan izana nahikoa ez, eta, gainera, auzitan jarri eta jazarri egiten dizute». Horrez gain, sanferminetako erasoaren auzian, berezitasun bat egon da: akusatuaren defentsak detektibe bat kontratatu zuen, frogatzeko biktimak gainditu ote zuen sufritutako erasoa. «Horrelako ekintzekin gure bizitzako subjektu aktiboak izateko eskubidea ukatzen digute», kritikatu du Saezek.

Elkartasun sareak

Hala ere, kasuaren zabalkundeak alde positibo bat izan du: elkartasuna. Iruñean, 2016ko sanferminetan milaka lagun atera ziren Peñen Federazioak deitutako manifestaziora; ondoren, sare sozialetan eta kalean nik sinesten dizut aldarria zabaldu zen, eta atzo, berriro ere, herritarrak kalera atera ziren mezu hori berriz ozentzera.

Azkonaren ustez, erasoaren aurka sortu den erantzunak balio izan du gizartean sexu erasoen inguruko kontzientziazioa indartzeko: «Iruñean beste urte batzuetan ere erasoak egon dira, eta salatu ditugu; baina hau horren mediatikoa izan denez, balio izan du jendeari kalera ateratzeko grina pizteko».

Gonzalezek ere modu positiboan ikusten du «elkartasun sare feministak» sortu direla, eta uste du halakoak ezinbestekoak direla biktimaren erreparaziorako: «Prozesu hori bakardadean egitea zailagoa izaten da; erabat beharrezkoa da elkartasuna eta erantzunak kolektibizatzea». Haren hitzetan, sare horiek baliagarriak dira gertatutakoari ikuspegi feminista eta kokapena emateko. Hau bezalako kasu mediatikoak hausnarketa kolektiboak bultzatzeko baliagarriak izan daitezkeela pentsatzen du, eta norabide horretan landu behar direla.

Erasoen aurka, elkarlana

Auziak mahai gainean jarri du sanferminetako jaien eredua birpentsatzearen beharra. Urteak dira kolektibo anitzetako kideak lanean dabiltzala festen testuinguruan gertatzen diren sexu erasoei aurre egiteko: Bilgune Feministak erasoei aurre egiteko protokoloa sortu zuen, eta peñek eta Iruñeko Udalak ere protokolo horrekin bat egin dute urteotan. Azkonak kolektiboen arteko elkarlana azpimarratu du: «Lan handia egin dugu, eta horretan jarraituko dugu».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Avanzako langileek segurtasun neurriak eskatzeko egindako mobilizazioa. ©HITZA

Falta duten segurtasunaren bila

Beñat Alberdi, Gipuzkoako Hitza

Lurraldebuseko langileak geldialdiak egiten hasi dira astean bi aldiz. Segurtasuna bermatzeko neurri hobeak eskatu dituzte, gauetako txandetan ez ezik, aste osoan ere bai.

Elhadji Ndiaye omentzeko ekitaldia, Iruñeko Arrotxapea auzoan, iaz. ©JESUS DIGES / EFE

ESPALOIAN ITOTAKO BIZITZA

Ion Orzaiz

Duela bost urte, 2016ko urriaren 25ean, Elhadji Ndiaye senegaldarra zendu zen, Espainiako Poliziaren zaintzapean, Iruñean. Atxiloketa bortitz baten ostean konfirmatu zuten hila zela. Poliziaren jokabide arrazisten ondorio dela uste dute Ndiayeren lagunek eta gobernuz kanpoko erakundeek.
Egonkorrak bilakatu dira Ipar eta Hego Euskal Herriaren artean Frantziako indar armatuek egiten dituzten kontrolak. ©BOB EDME

Sistemaren belauna lepoan

Oihana Teyseyre Koskarat - Jone Arruabarrena - Ion Orzaiz -Javi West Larrañaga

Migratzaileen aurkako jazarpena fenomeno orokortua da Euskal Herrian. Adituek eta gobernuz kanpoko erakundeek salatu dute Poliziak «sistematikoki» erabiltzen duela bortxa pertsona arrazializatuen aurka.
 ©BERRIA

«Polizia, nahitaez, giltzarri da gizarte arrazista iraunarazteko»

Maite Asensio Lozano

Segurtasunaren zein mehatxuen inguruan zabaltzen diren ideiak «eraikuntza politikotzat» dauzka Douhaibik; horrekin lotu ditu kolektibo arrazializatuen aurkako kriminalizazioa eta jazarpen poliziala.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.