Joxe Manuel Odriozola.

Ertzaintza ez da euskaldunon polizia

2017ko ekainaren 22a
00:00
Entzun
Munduan ba ote dago bere nazio hizkuntza gorrotatzen duen poliziarik? Ez dira asko izango, nahiz eta kolonialismoaren atzaparrak denboran eta geografian luzeak eta zabalak izan diren eta diren. Hala ere, orain eta hemen, Europa «demokratikoaren» testuinguruan gertatzea, marka guztiak haustea da. Hizkuntza minorizatuak indarberritzeko politiketan eredugarria omen da EAE edo Euskadi; bere nazio hizkuntza gorrotatzen duen polizia sortzen ere aitzindaria dela dirudi.

«Nik berarekin euskaraz aritu nahi nuela eta, ezinezkoa zela zirudienez, zerbitzua euskaraz emango zidan norbait eskatu nion, jator. Berak, berriz ere, [euskaraz] ez zekiela erantzun zidan. Nik gauza bera errepikatu nion eta ertzain taldeko arduradunarengana joan zen. Handik gutxira, arduraduna etorri zitzaidan ¡Con que con éstas estamos! esanez. Nik, hari ere, euskaraz esan nion aurrekoari esan nion gauza bera: administrazioarekin, Ertzaintzarekin, harremana euskaraz nahi nuela. Hark, ordea, ¿Qué quieres, a las buenas o a las malas? erantzun zidan» (Iñaki Arruti, 2009-07-22).

Gure polizia «integrala» ez da soilik herritarrei horien hizkuntzan zerbitzua ukatzen diena; horretaz gainera, eta horrekin batera, hizkuntza nazionala gorrotatzen duten ertzainak dauzka erakundearen barruan.

«Ertzainak erdaraz hasi zitzaizkidan, eta nik, mesedez, euskaraz egiteko esan nien. Orduan hasi zen kalbarioa! [...] Orduan euskaraz hitz egin nahi zuen norbait bidal zezaten eskatu nien eta bost bat minutura uniforme beltzez jantzitako lau ertzain agertu ziren, eta euskaraz zekiten galdetu nienean inortxok ez zidan erantzun. Ez zetozen, antza, ni laguntzera... pare bat minutura ¡Detenida! esan eta konturatu nintzenerako bultzaka ninderamaten eta euskaraz hitz egitea baino ez nuela nahi oihuka hasi nintzenean, gorroto biziz, eskuburdinak jarri zizkidaten martxan gindoazela» (Olatz Berrojalbiz, 2006-03-21).

Gorrotoaren auziak eman izan dit beti zer pentsatua ertzainen jokabidean: Berrojalbizek ere «gorroto biziz» jokatu zutela aipatzen du. Zure nazio hizkuntza gorrotatzen baduzu, edo gaixo zaude edo bestela beste nazio bateko hizkuntzak eta identitateak bizi zaitu. Ertzain bakarren baten jokabidea soilik izan balitz, lehenengo hipotesiak izango luke lekua. Baina euskararekiko eta euskaldunekiko gorroto hori ez da izan bakarren baten jokabidea. Beraz, bigarren hipotesira jo beharko dugu gorrotoaren atzean zer dagoen jakiteko.

Euskarari, euskaldunari, euskal identitateari eta, oro har, nazio euskaldunari gorroto dion ertzainaren motibazioak jatorri nazionala baldin badu, zein da jatorrian dagoen beste nazio hori? Ipar Euskal Herrian ertzainik ez dagoenez, nazio horrek izen bat du: Espainia. Beraz, espainolismotik mintzo da eta espainolismoak gidatzen du ertzainaren jokabide larderiatsua; Euskal Herrian espainolista izateak ematen dion larderiatik uler daiteke gorroto horren zergatikoa. Gorrotozko jokabide hori ezin da azaldu polizia izateak ematen duen halako agintekeriatik-edo; nazio batek bestea kolonizatzen duen posizioari darion ideologia larderiatsuaren argitan ulertu behar dela uste dut.

Polizia frantsesak Frantzian edo espainolak Espainian ankerkeria handiak egin ditzakete atxilo hartutako beren herritarrekin, baina polizia frantsesaren eta herritarraren artean ez dago nazio-gorroto bizirik, delako herritar hori etorkina-edo ez baldin bada behintzat. Beste horrenbeste esan dezakegu espainiar poliziaz: polizia espainolak ez du gorrotatzen «gaizkilea» herritar espainola delako, «gaizkileak» ustez egin duena egiteagatik gorrota dezake beharbada. Polizia eta herritarra nazio identitate berekoak dira Frantzian eta Espainian, hizkuntza berbera darabilte eta hizkuntza horrek elkartzen ditu, eta seguru asko biak duin eta nor sentituko dira duten nazio identitatearen altzoan.

Ertzaintzarekin gauza bera sentitzen al dugu? Nazio identitate berekoak al gara euskaltzaletasuna gorrotatzen duten ertzainak eta euskaldunok? Ez dut uste. Ertzaintza ez da euskaldunon polizia (ez naiz hemen bizi diren herritar guztiez ari, euskalduntasunean bizi nahi duten herritarrez ari naiz). Izatez eta egitez, beste nazio bateko polizia da Ertzaintza. Jakina, nazio minorizatu eta kolonizatu batean bizi baldin bagara, euskal herritar askoren, agian, gehienen, gogoko edo erdi gogoko polizia izan daiteke Ertzaintza. Hori, ordea, beste kontu bat da, eta orain ez gara beste behin nazio asimilazioaren eta zapalkuntzaren historia tristea kontatzen hasiko hemen.

«Ertzaintzak bere eguneroko jardunean euskal hiztunon hizkuntza-eskubideak sistematikoki urratzen ditu. Hizkuntza Eskubideen Behatokiak urtero argitaratzen dituen txostenak irakurtzea besterik ez dago hori horrela dela ikusteko: Ertzaintza erakunderik urratzaileenetakoen artean agertzen da urtero» (Garbiñe Petriati, 2013-05-19).

Nola ez ditu ba urratuko euskaldunon eskubideak? Euskaldunon nazioa minorizatu duen nazioaren identitate eta erreferentzia linguistiko eta kulturalekin bat egiten duen ertzain batek nola babes ditzake gure identitate-eskubideak? Kontraesan hori gaindituko duenik ez da jaio oraindik. Bestalde, ertzain batzuei esleitu zaizkien hizkuntza eskakizunei darien sasi-euskalduntasunak ez du gutxieneko komunikazio-gaitasuna bermatzen. Geure herrian bigarren mailako herritarrak bagina bezala tratatzen gaitu Administrazio autonomikoak, euskalduntzen duen hura ere ez duelako modu iraingarrian baizik euskalduntzen. Hori gutxi ez, eta errespetuaz mintzo zaizkigu, errespetuaz ezer gutxi dakitenak. Bakeaz mintzo zaizkigu, giza eskubideak diren hizkuntza eskubideak oinpean darabiltzaten agintari autonomistak.

«Askotan entzuten diegu politikariei, eragile sozialei eta abarrei ertzainok gure egunerokotasunean gizarterantz hurbildu behar garela. [...] Nola lor daiteke hori gure herriaren jatorrizko hizkuntza hitz egin gabe?» (Xabier Purroy, ertzaina, 2014-01-16).

Ertzain batzuk jabetu bide dira euskal poliziaren eta herri euskaldunaren artean dagoen hausturaz. Hizkuntza, arroztasunaren lehendabiziko zantzua baita: ustez zure nazioaren polizia denak zure hizkuntzan hitz egiten ez badizu, polizia hori, ezinbestez, arrotza zaizu. Hitz egiten dizun hizkuntza, gainera, zure nazio hizkuntza ordezkatu dizun nazio hizkuntza bat baldin bada, arroztasuna areriotasun bihurtzen zaizu. Zoritxarrez, hizkuntza ordezkatuan bizi da herri hau, eta errealitate soziolinguistiko horrek bat egiten du artikulu honetan kritikatu ditugun ertzainen gorrotozko jokabide espainolistarekin. Arrotzak etxekotu zirenetik, eta etxekoak arroztu, arrotzen arteko bakean eta elkarbizitzan bizi gara. Arrotzen herrian, Ertzaintza etxerako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.