UDAKO SERIEA. Atezaina bere bakardadean (II). Jose Arakistain.

Izar bat oinak lurrean zituena

Euskal Herriko atezainik loriatsuenen artean dago Jose Arakistain. Realean hasitako bideak goia jo zuen Real Madrilen aritu zenean, eta, tituluak lortzeaz gain, Txileko Munduko Kopa jokatu zuen 1962an. Haatik, Realeko aldia goratu du: «Haiek izan ziren urterik politenak».

Finala. Arakistain, Espainiako Kopako final batean. JOSE ARAKISTAIN.
Jon Ander De la Hoz.
Elgoibar
2020ko abuztuaren 5a
00:00
Entzun
Mende erdia baino gehiago igaro da Aritza baserrian jaiotako mutiko hark munduko estadioetan jauziak eta geldiketak egiten zituenetik, baina Jose Arakistain Arrietak (Azkoitia, Gipuzkoa, 1937) gogoan ditu ordukoak. Horretarako modua eman dio futbol profesionalean osatutako hamazazpi denboralditan (1956-1973) lortutako sarien zerrenda oparoak: Europako Kopa bat, sei Espainiako Liga eta Espainiako Kopa bat ditu irabaziak.

Lagunartean jokatzen hasi, Elgoibarko taldera egin zuen jauzi lehendabizi, eta Realera gero. Donostian ondo aritu izanak bide eman zion ondoren Real Madrilera joateko, eta zurien taldearekineskuratu zituen garaikur guztiak. Garai hartan jokatu zuen Txileko Munduko Txapelketa, 1962an, Espainiako selekzioaren elastikoa soinean zuela.

«Kirol aldetik, nire urterik onenak izan ziren. Europako Kopako finala bi aldiz jokatu nuen, eta bat irabazi genuen, Real Madrilen seigarrena. Ikaragarria izan zen hori lortzea», esan du Arakistainek. 1965-1966 sasoian izan zen hori; Santiago Bernabeuren, Antonio Calderonen eta Raimundo Saportaren gidaritzapean zegoen klub zuria: «Izugarri balio zuten. Lanerako toki serioa zen, eta jokalariei eta haien familiei laguntzeko zeuden beti. Gainean egoten ziren».

Arakistainek zazpi urte egin zituen Madrilen, eta haietatik seitan liga irabaztea lortu zuen. Haren esanetan, halakorik lortzea ez da erraza izaten: «Madrilen kontra beste motibazio bat izaten zuten aurkariek. Realean geundenean ere, ez genuen drogarik behar izaten haien aurka aritzeko. Gogoa zen droga hori».

Onerako edo txarrerako, demaseko dimentsioa du Espainiako klubak. Berehalakoan hauteman zuen hori Arakistainek, Reala utzi eta harako bidea hartu orduko: «Hemen, kazetari bat etortzen zen ostiraletan, hamaikakoa jakitera, eta kito. Han, asteko egun guztietan zegoen dozena bat kazetari. Oso ezberdina zen».

Dena den, Realeko urteei egin die azpimarra Azkoitian jaiotako atezain ohiak: «Niretzat, haiek izan ziren urterik politenak».Bestelako egoera batean zegoen Reala: sarri mailaz igo eta jaitsi egiten zenez gero, talde igogailua deitzen zioten, baina «gazteen ilusioak» eta «indarrak» horrek baino gehiago balio zuen Arakistainentzat: «[Jose Antonio] Irulegi eta ni ginen gazteenak, eta oso ondo hartzen gintuzten. Oso bizimodu pozgarria zen».

Txuri-urdinek 1956ean fitxatu zuten Arakistain, eta han aritu zen 1960-1961 sasoiaren amaierara arte. Lehen bi urteetan, egunero egiten zuen Elgoibartik Donostiarako joan-etorria: «Trenean joaten nintzen entrenatzera, eta bazkalostean itzultzen nintzen». 18 urte zituela, Donostiara joan zen bizitzera.

Ordurako maila onean ari zen atea zaintzen. «Taldeak sufritu» egiten zuen, baina, bera ondo aritu zenez, Espainiako selekzioko hautatzailearen deia jaso zuen, artean 20 urte zituela. «Bigarren taldean hasi nintzen, eta 21 urterekin talde nagusira igaro nintzen, [Antoni] Ramalletsen ordezko gisa».

Urte haietan, Reala etxean aritzen zen aldiro Atotxako atea zaintzea egokitzen zitzaion Arakistaini: «Kristoren giroa egoten zen, jendea ia-ia gainean zela. ikaragarri gustatzen zitzaidan han jokatzea».

Lan onaren ordaina

Bere ibilbidean koska bat gorago aritzeko aukera 1961-1962 sasoian iritsi zitzaion. Egindako lan onak gorengo mailako kluben interesa piztu zuen, eta bere ibilbideari beste norabide bat eman zion orduan: «Real Madrilera edo Bartzelonara joateko aukera nuen. Garai hartan madrildarrak hobeagoak ziren, eta hara joatea erabaki nuen». Guztira, 123 neurketa jokatuta utzi zuen Reala.

Zurien ordezkariak Euskal Herrira etorri ziren, donostiarrekin eta jokalariarekin hitz egiteko. «Gauzak errazagoak ziren», esan du Arakistainek, garai hartan ez baitzeuden futbolarien agenteak eta halakoak. Hala, ados jarri ziren alde guztiak; Real Madrilek garai hartako sei milioi pezeta (36.060 euro) ordaindu zituen, eta, horrez gain, lau jokalari utzi zizkion Donostiako taldeari. Haien artean zen Agne Simonsson aurrelari suediarra: «Izen handia zuen. 1958ko Munduko Txapelketan bigarren golegile nagusia izan zen».

Akordio horren ondorioz joan zen Arakistain Madrilera, «pena handiaz». Izan ere, mundu mailan onenen artean zegoen talde batera joanagatik, «hemengo bizimodua, familia eta lagunak uztea izugarri kostatu» zitzaion, baina hartu zion neurria hangoari ere.

Real Madrilera iritsi, eta agudo egin zuen lekua hamaikakoan. Estreinako urte hartan gol gutxien jaso zuen atezaina izan zen, eta Espainiako Liga eta Kopa irabazi zituen. Jokalari on askoak zituen taldeak: «[Alfredo] Di Stefano, [Ferenc] Puskas, [Paco] Gento, [Emilio] Santamaria... Munduko onentsuenak ziren».

Haiekin harreman ona izan zuen Elgoibarkoak, baina, azaldu duenez, «jokalari handi-handiak, bereziak» dira izaeraz: «Bestelako ukitua dute, baina jatorrak dira. Puskasen oso laguna nintzen».

Txileko esperientzia hura

Bere ibilbideko mugarrietako bat Txilen ezarri zuen Arakistainek. Espainiako selekzioaren deialdian izan zen Munduko Kopa jokatzeko, eta gisa horretara izan zuen nazioarteko lehia nagusian aritzeko modua.

«Ondo sentitu nintzen», esan du Arakistainek. Urte hartan 60 neurketatik gora jokatu zituen, eta bera zen atezain titularra Helenio Herrerak zuzendutako talde hartan: «Entrenatzen hasi ginenean, xisko eginda geratu ginen. Pentsa, 77-78 kilo pisatzen nuen, eta 72 kiloan geratu nintzen». Entrenamenduetan jasotako astinduen ondoren, hautatzaileari gauza ez zela esan, eta hark aulkian utzi zuen: «Carmelok [Cedrun] jokatu zuen Txekoslovakiaren eta Mexikoren aurka. Brasilen aurka nik jokatu nuen». Lehiaketa hartan urrunago ez iristeak penatu zuen Arakistain. Oso talde ona zutela dio, «Brasilen adinakoa».

Huraxe izan zuen Munduko Kopa batean izandako esperientzia bakarra, baina, handik itzulita, garaipenen xendari helduta segi zion kluben arteko txapelketetan, nahiz eta haren parte hartzeek murriztera egin zuten. Gauzak horrela, 1968-1969 sasoian, Real Madril utzi, eta Elxen hartu zuen ostatu. Historiako urterik onentsuenak osatzen ari zen talde hura, eta gertu izan zuten garaikur bat lortzeko aukera: «Athleticen aurka jokatu genuen Kopako finala. Ligan seigarren-edo izaten ginen, eta finalerako sailkatu ginen».

Atezain bizi bat

1973an utzi zuen futbola Jose Arakistainek, eta jokoa asko aldatu da orduz geroztik. Horren adibide gisa ditu baloien pisua, zelaietako lokatza eta abiadura. «Jokoa motelagoa izaten zen, ezberdina, eta ezin da ordukoarekin alderatu». Garai haietantxe azaldu ziren futbol modernoaren lehendabiziko zertzeladak, eta, hain justu, Herrera prestatzailea izan zen haien pizgarrietako bat.

Bi hamarkadaren arteko trantsizio horretan, Arakistainek berak zuen jokatzeko estiloaz galdetuta, atezainak dio bera ez dela nor hortaz mintzatzeko, baina «azkarra eta kalkuluak ondo egiten zituena» zela. Hala, area txikian nagusitzeko modua egiten zuela esan du, eta argitara ekarri du datu esanguratsu bat: 14 urtera arte erdiko atzelariaren postuan aritzen zen. Kontuak aterata, bizpahiru urte besterik ez zituen egin atezain gisa hasi zenetik futbol profesionalerako jauzia egin zuen arte: «Lagundu zidan horrek, hankekin jokatzerakoan eta. Ateko sakeak neuk ateratzen nituen, eta garai haietan hamarretik zortzitan ez zen hala».

Euskal atezainek historikoki izan duten maila onaren inguruan, Arakistainek azaldu du ez duela bat egiten askok hondartzako futbola arrazoi nagusienetako baten gisa jotzeko duen ohiturarekin. Alde horretatik, bestelako kirolen garrantzi handiagoa azpimarratu du: «Pilota eta frontoiko jokoak oso onak dira, erreflexuak lantzeko, adibidez. Nik asko ikasi nuen pilotarekin, udaletxe azpiko arkupeetan».

Pilotan «asko» aritutako da Arakistain, eta kontzejupean aritzea«teknika hobetzeko» baliagarria izan zitzaion, esaterako, kalkuluak egiterako garaian. «Herrian bagenuen pilotari bat, antzinako profesionala, Arriola III.a, eta hark esaten zidan futbola utzi eta pilotan egiteko».

Izan ere, gaztea zenean hiru kirol besterik ez zituzten hautatzeko: atletismoa, pilota eta futbola. Hiruretan aritutakoa da, eta bakoitzean pilatutako jakintzak eraman du euskal atezainik onentsuenen zerrendara. Sei Liga, Europako Kopa bat eta Espainiako Kopa bat. Egun bateko txinpartatik abiatuta, sari zerrenda luzea utzi du Josetxo Arakistainek: «Soraluzen jokatzen zen inguruetako txapelketarik garrantzitsuena, eta hemengo [Elgoibarko] kuadrilla bat zegoen izena emanda. Zaharragoak ziren guztiak, eta ni, 14 urterekin, atezain jarri ninduten».

Horrela hasi zen atezain postuan. Lagunarteko lehia batetik estadio handienetaraino. Izar bat izan da, nahiz halakorik ez duen uste. Hankak lurrean izan ditu beti, baita final batean penaltia jaurti izan diotenean ere. Gustatu zaiona egiteko modua egin du, eta horrek balio dio: «Futbolak mundua ikusteko eta hortik bizitzeko aukera eman dit. Jainkoari eskerrak, bizitzan ez dut zertaz damuturik». Gauzak ondo egin dituen seinale.

Bihar: Atezaina bere bakarkadean (III). Ana Ruiz Mitxelena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.