Pastor
DARWIN ETA GU

Gabonetako paketeak

2017ko abenduaren 23a
00:00
Entzun
Paketeak bildu, paketeak eraman eta ekarri. Opariak, jana, edana. Eta beste pakete batzuk, zama ikusezinak, norberarentzat edo besteentzat: nork bere ametsak baititu, desioak, esperantzak, frustrazioak, traumak. Eta ideiak, pentsaerak, barru-barrutik geu egiten gaituztenak. Eguberrietako paketeak. Jarri horiek guztiak mahaikada batean, Gabon gauean. Zer irtengo da hortik?

Noizean behin, bizikidetzari buruzko kezken berri ematen dute hedabideek. Azken hilabeteetan Kataluniako prozesuak eragin omen duen haustura soziala izan dute hizpide. Eguberriak datoz orain, eta politikak egun berezi hauetako argia iluntzen du. Independentistek euren bideari ekin aurretik, badirudi bake santua zegoela munduan. Orain etxekoek ez dute elkarrekin hitz egiten. Haserre daude. Antza denez, lehen ez zegoen bizitzari eta munduari buruzko ikuskera desberdinik. Edo halakorik baldin bazen, gizabidez jokatu eta elkar errespetatzeko ohitura zegoen. Independentistak iritsi ziren arte. Minbizia dira bizikidetzarentzat. Una, Grande y Libre eta 155.aren aldekoak, aldiz, harmoniaren izpiak dira. Haien pentsaera eta jokaera Beethoven-en Bederatzigarren sinfonia dira. Schiller poetaren Alaitasunaren oda.

Boterearen propaganda. Bestea gaizto agerrarazteko saioa. Izan ere, familia gehienetan ditugu hainbat pertsona, nortasun eta pentsaera. Beti izan da horrela. Eta izan egingo da. Hori kudeatzeko zubiak eraikitzen ditugu: errespetua, enpatia eta savoir faire delakoa komenigarriak izaten dira senideak elkartzen diren aldi bakanetan. Izeba katoliko erdi moja, igandero mezatara joaten dena, eguzki zein euri. Txikitan mimatzen zintuen. Orain urtean behin ikusten duzu, Gabon gaueko afarian. Kale bazter guztietan abortatzeko makina automatikoak jarri beharko lituzketela botako diozu? Ez. Hipokrisia? Baliteke. Edo begirunea, izeba hori arrazoi barik zure kontra upela lakoak esaten hasi arte gordeko duzuna. Zer egiten dugu egunero, bada, guk ez bezala pentsatzen duten hainbat lagun eta lankiderekin? Zergatik ez jokatu berdin maite zaituzten eta maite dituzun pertsona horiekin?

Kasu horietan akordio agerikoak egiten dira. Edo tazituak, isilekoak. Batzuetan bitartekari lanak behar dira. Eguberrietan zertaz hitz egin eta zertaz ez gomendatzen zioten etxekoek aitari —eta gero niri— mahaiaren inguruan bakea nagusitzeko. Eta gauzak ondo antzean joaten ziren, normalean. Batzuetan belaunaldi artekoak baitira egun hauetan izaten diren liskar eta sesioak. Eta denboraren denboraz zure egiten dituzu Campinok, Die Toten Hosen talde punk alemaniarreko abeslariak, Draußen vor der Tür kantan hildako aitari dedikatutako hitzak: «Urte luzeetan ez ginen batere ondo konpondu/ Inoiz ez nuen zu bezalakoa izan nahi, zuk bezala pentsatu/gaur konturatzen naiz zeinen antzekoak garen».

Gizartearen isla dira familiak, mundu txiki baten ispilua. Hainbat osagai koloretsu dituzte, klonatuta ez badaude: koinatu ahoberoa, izeba tentea, aitona kasketas hori, suhin jakintsu harrotxoa. Baina aldamenean badira, izan, osaba eskuzabal despistatua, haurtxo bihotzekoa eta amona laztana, burua galtzen hasi aurretik ere maitagarria zena. Eta zu, zure bertute eta hutsekin.

Hori guztia hartu behar da kontuan egun hauetan, senideen arteko otordu eta solasaldietan. Zer egin, zer esan, nola jokatu. Eguberriak baino aste batzuk lehenago Vergüenza seriearen publizitatea ikusi dugu Hegoaldeko kaleetan. Zenbait portaera lotsagarriren adibideak ematen dituzte afixek. Horietako batek hauxe dio: Mirarle el canalillo a tu suegra es de vergüenza. Lotsagarria da amaginarrebaren kanalillo-ari begiratzea, alegia. Nik beste aholku hau gehituko nioke portaera lotsagarrien zerrendari, sexu, genero eta aukera guztietako kideak lizun edo desiragarri agertze aldera: lotsagarria da zure amaginarrebaren kanalillo-ari begiratzea. Bai. Baita zure aitaginarrebaren paketeari begiratzea ere. Badakizue, neskak. Badakizue, mutilak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.