Langabeziaren bilakaera. Gazteen egoera

Gazte langabeen ia erdiak ez daude erroldatuta Lanbideko bulegoetan

16 eta 24 urte bitarteko langileen batez besteko ordainak %21 gutxitu dira krisia hasi zenetik
Ikasle batzuk Donostiako EHUko campuseko eraikin batera sartzen, artxiboko irudi batean.
Ikasle batzuk Donostiako EHUko campuseko eraikin batera sartzen, artxiboko irudi batean. JON URBE / FOKU

Ivan Santamaria -

2018ko irailak 5
Lanbide euskal enplegu zerbitzuak arazoak ditu lan bila dabiltzan gazteentzako ezinbesteko tresna bihurtzeko. Zerbitzuak berak argitaratu berri duen txosten baten arabera, lanpostu bat modu aktiboan bilatzen duten 16 eta 24 urte bitartekoen %46 ez zegoen Lanbiden erroldatuta ere. Izena ez emateko arrazoiak zeintzuk diren ez du argitu, baina onartu du horien jatorria ikertzea zatekeela «interesgarriena».

Lanbideko azterketa zerbitzuak txosten bat egin du gazteen lan merkatuaren egoerari buruz, joan den urteko emaitzak kontuan hartuta. Egileen ustez, «higadura psikologikoa» sortzen du ikasketak amaituta ere lana ez aurkitzeak. «Egoera luzatzen bada luzera begirako langabeziaren ondorioz, gizarte bazterketan errotzeko arriskua lukete», azpimarratu dute. Are gehiago: langabezia tasa handiaren ondorioz, «belaunaldi oso bat lanerako galtzeko zorian» legoke.

Askorentzat, ikasketak luzatzea izan da gainbehera ekonomikoari aurre egiteko estrategia. Gazteen jarduera tasa %41 zen 2008ko hasieran, eta orain zortzi puntu txikiagoa da, baina joan den urteko lehen hiruhilekoan azken bederatzi urteetako ehunekorik txikiena izan zuen: %27. Enplegu tasa ere krisia hasi zenean baino bederatzi puntu txikiagoa da (%25,4).

Ikasketa mailak zerikusia du zuzenean lan merkatura sartzeko arrakastarekin. Goi mailako ikasketak dituzten gazteen enplegu tasa %55 da, erdi mailakoak dituztenena %23 eta oinarrizko ikasketak dituztenena %9,6. Lanbidek ohartarazi du formakuntza eskasa duten emakumeak «egoera zaila» dutela: enplegu tasa %6,8 da haientzat; gizonena, aldiz, %11,8 da.

Langabezia tasarekin, baina, buelta ematen zaie emaitzei, baina ñabardura batzuekin. Oinarrizko ikasketak baino ez dituzten gazteen %42 dago beharrik gabe —%48, emakumeen kasuan—, baina ez dago alde handirik goi mailakoak eta ertainak dituztenen artean: %19,5 eta %20,8, hurrenez hurren. Unibertsitateko tituluak edo goi zikloak dituzten gazteen artean, hala ere, bada alde esanguratsu bat generoaren ikuspuntutik: gizonen langabezia %11 da, eta emakumeena, %27. Bestalde, gazteen %47k urte bat edo gehiago darama lana aurkitu ezinik.

Jardunik ez dutenen artean, ez lanean ez ikasten dauden kolektiboak «aipamen berezia» merezi du, Lanbideren ustez. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 16 eta 24 urteko gazte guztietatik soilik %5,1 zegoen egoera horretan. «Euskal hezkuntza sistemaren kalitatea islatzen du», azterketaren egileen irudiko.

Prekaritatean harrapatuta

Gazte enpleguaren bereizgarrietako bat da prekaritatea oso zabaldua egotea. Txostenak berak dio egoera ez dela «oso itxaropentsua». Hain zuzen ere, gazteei egindako kontratuen %55 partzialak dira. Iaz, adin guztietako pertsonei egindako kontratu guztiak aintzat hartuta, hamarretik lau ziren partzialak. «Ez da borondatezko aukera bat, merkatuak egiten dien eskaintza bakarra baizik», Lanbideko teknikarien aburuz. Gazteei egindako kontratuetan, gainera, %6 baino gutxiago izan ziren mugagabeak, eta gazte batek batez beste hiru kontratu sinatu behar izan zituen urtearen joanean.

Krisiaren aurretik ere gazteei eskainitako baldintzak okerragoak ziren, baina higadura azkartu egin da azken urteotan. Horren adierazle da soldatekin gertatu dena. 2008. urtean, batez besteko soldata baino ia %40 gutxiago kobratzen zuen gazte batek. 2016an, eskura dagoen azken datuan, tarte hori %56 izateraino handitu da. Dirutan, 15.000 eurotik gorako aldea dago. Ordainen jaitsiera ere oso handia izan da gazteentzat: batez beste, 2008an baino %21 gutxiago ari dira kobratzen.

Azterketaren egileek ohartarazi dute lan ibilbidea soldata oso txikiekin hastea ez dela erabaki neutrala, eta ibilbide profesional osoa baldintzatzeko arriskua izan lezakeela. «OCDEren arabera, ibilbideko lehen hamar urteak erabakigarriak dira bizitzan izango diren diru sarreren eta enpleguaren proiekzioa egiteko. Hastapenetako kontratu eta lanaldi motaren menpe daude luzera begirako diru sarrerak», dio testuak.

Datuek soldata arrakalaren dimentsio etengabea ere azaleratu dute. Amatasuna aipatu izan da emakumeen ibilbide profesionala geratu eta arrakala handitu izanaren azalpen modura, baina Lanbidek jasotzen duen INEko inkestaren emaitzek diote 16 eta 24 urteko gazteen artean dagoeneko %21 txikiagoa dela emakumeek batez beste lortutako ordaina; 3.370 euro gutxiago urtean, hain zuzen ere. Adin tarte guztietan kobratzen dute emakumeek gutxiago, eta %24koa da gizonen ordainekin dagoen batez besteko arrakala orokorra.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna