Conchur O Giollagain. Soillse ikerketa zentroko zuzendaria

«Europak ez ditu behar adina babesten hizkuntza gutxituak»

Hizkuntza gutxituen kulturan eta soziologian aditua da O Giollagain. Eskoziako gaelera ikertzen du, bereziki. Globalizazioaren ondorioz hizkuntzek dituzten erronka nagusiak identifikatu ditu.

JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2017ko abuztuaren 19a
00:00
Entzun
Urteak daramatza Eskoziako gaelera aztertzen Conchur O Giollagainek. EHUko Udako Ikastaroetan aritu da, Europako hizkuntza gutxituen egoeraz mintzatzen. Highlands Unibertsitateko (Eskozia) irakaslea da, gaeleraren ikerketako katedraduna eta Soillse ikerketa zentroko zuzendaria.

Hizkuntza politikez aritu zara. Zein da eraginkorrena?

Zaila da hizkuntza politika bakarra zehaztea. Garrantzitsua da hiztunen gizarte taldeetan arreta jartzea, hortik hastea. Hizkuntza gutxituek duten ahulezia nagusia da politikak dituztela eskoletarako, baina ez dela lortzen erabilera bermatzea. Hori da erronkarik handiena: maila desberdinetan politika desberdinak integratzea.

Zein hiztun talde indartu behar dira, bereziki?

Ezinbestekoa da gizarte taldea bateratuta egotea. Hiztun taldeak gai izan behar du dentsitate soziala babesteko, eta hori mantentzeko modu bakarra da hiztun gazteek hizkuntza familian ikastea eta lagunekin erabiltzea.

Gero eta handiagoa al da hizkuntza nagusiek gutxituetan duten eragina?

Gaur egun, ingelesak du eraginik handiena beste hizkuntzetan. Globalizazioaren ondorioz, gizarteak interes handia du teknologian, eta horren oinarrian dago ingelesa. Beraz, ingelesa da hizkuntza gutxituen erronka.

Zer harreman du horrek hizkuntza baten ekonomiarekin?

Oso zaila da hiztun talde bat babestea haren merkatu ekonomikoa babestu ezean. Hiztun talde batek finantzaketa ekonomiko baten beharra du, eta oraingo erronka ekonomia berria da.

Beraz, gizartea banatzeko faktore bat al da hizkuntza?

Garrantzitsua da hizkuntza gutxituaren eta nagusiaren artean harreman ona izatea. Hizkuntza nagusiak botere handiagoa du ekonomian, eta ezinbestekoa da hizkuntza gutxituak kapitalismo sozialean sarbidea izatea. Baina nabarmendu behar da desberdintasunak eta aniztasuna onak direla hizkuntza nagusiarentzat: hizkuntza nagusiko hiztunek harreman ona baldin badute hizkuntza gutxituarekin, gizartea hobea izango da. Haatik, talde nagusiak uko egiten badio hizkuntza gutxituari, hizkuntza gutxitua ezin da kapitalismo sozialean murgildu, eta horrek banatzen du gizartea.

Zer eragin du immigrazioak hizkuntza baten demografian?

Immigrazioak ondorio positiboak izan ditzake hizkuntza gutxituan, behar bezala antolatuz gero. Baina, oro har, etorkinek hizkuntza nagusia ikasteko joera dute, eta horrek asko zailtzen du prozesua. Immigrazioa mundu modernoaren erronka da: mugimendu handia dago, eta aniztasuna handitzen hari da. Esan bezala, gauza ona da aniztasuna, baina arriskuan dauden hizkuntzak ere babestu behar ditugu.

Zure iritziz, sartuta dago Europako agendan hizkuntza gutxituetako hiztunen eskubideen babesa?

Europa oso desafiatzaile dago orain: berrikuntza oso txikiak egin ditu 1993an hizkuntza gutxituen inguruan egindako akordioaz geroztik. Europako agentziek metropolietan eta aniztasunean dute soilik fokua, eta hizkuntza gutxituekin duten harremana zailagoa da. Uste dut Europak ez dituela behar adina babesten hizkuntza gutxituak. Hemendik aurrera hiztun talde txikietan izango diren ondorioak larriagoak izango dira.

Nolako garrantzia dute arnasguneek?

Hiztun gazteentzat ezinbestekoak dira bereziki, trantsizioak zailak direlako; alegia, etxetik hitz egitetik eskoletan hitz egitera. Trantsizio horiek hiztunak ahultzen dituzte. Oso erraza da gurasoentzat zenbait arau jartzea haurrei hizkuntza hitz egiteko, baina, funtsean, erronka da haurrek konfiantza eta babesa izatea.

Elebidun gehiago egoteak bermatzen al du hizkuntza gutxitu bat ez desagertzea?

Ez beti. «Nolako elebidunak gara?», galdetu behar diogu geure buruari; alegia, elebidunak garen abantailak ematen dizkigulako. Maila instituzionalean edo eskolan soilik baldin bagara elebidun, eta komunitatean elebakarrak baldin bagara, arazo bat dugu. Erraz hitz egiten dugu elebitasunari buruz, baina aldaketa sozialak landu beharko genituzke.

Garrantzitsua da hizkuntza gutxitua eremu formalean erabiltzea?

Politika sozialak landu ezean, alferrik da politikak eremu formalean lantzea. Hizkuntza da gizartearen sugarra, eta sugar horixe bermatu behar dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.