BOZAK EMF-N. Jose Ramon Alonso. EMFko presidentetzarako hautagaia

«Uste dut badakidala zein diren egin beharreko aldaketak»

Bizkaiko Mendi Federazioan egindako lanean eta pilatutako eskarmentuan oinarrituta gidatu nahi du Euskal Mendi Federazioa. Erakundean lanean ari direnek jarraitzea nahi du.

Unai Ugartemendia.
Bilbo
2017ko urtarrilaren 31
00:00
Entzun
Gogotsu dago Jose Ramon Alonso (Bilbo, 1963) hauteskundeei begira. Azken urteetan Bizkaiko Mendizale Federazioan eginiko lana eta bertan osatutako lantaldea ditu argudiorik onena presidentegaiak. Asmo berriekin dator, eta freskotasuna eman nahi dio Euskal Mendizale Federazioari. Ez da asko promestu zalea, zuhurtziaz jokatu nahi du.

Nor da Jose Ramon Alonso?

Matematika Aplikatuko irakaslea naiz Euskal Herriko Unibertsitatean, Ingeniaritzako Departamentuan. Horrez gain, Bizkaiko Mendizale Federazioko presidentea ere banaiz.

Nola hasi zinen Bizkaiko Mendizale Federazioan?

BMFk 2014an egin zituen azkeneko hauteskundeak. Lantalde bat osatzea lortu genuen, Victor Vivar lagunaren laguntzarekin, eta aurkeztu egin ginen. Botoen %66rekin irabazi genituen hauteskundeak. Urte hartako abendutik iazko azarora arte helburu asko lortu genituen Bizkaiko eta beste leku batzuetako mendizale askorentzat. Etorkizunerako ere gauza asko martxan utzi genituen.

Zer egin duzue, bada?

Doako ikastaro asko egitea lortu dugu FEDME Espainiako federazioaren laguntzarekin, bidezidorretako irakasleen ikastaro bat ere egin dugu, ibilbide txikien mapa bat ere berritzea lortu dugu... Bestalde, Bizkaiko Foru Aldundiarekin lan harreman hobeak izateko oinarriak ipini ditugu, mendi taldeen eta Bizkaiko Mendizale Elkartearen arteko harremanak ere sendotzea lortu dugu, uste dut alor ekonomikoan ere aurrera egin dugula... Arrabako aterpetxea berritzeak ere oso harrera ona izan du, eta poza ematen du gehienetan beteta ikusteak. Argi utzi nahi dut hau guztia lantaldearen emaitza izan dela: haiek gabe ezinezkoa izango zen.

Zein da mendiarekin duzun harremana?

2010. urtetik, Baskonia Mendi Taldeko zuzendaritza taldean sartuta nago. Ia 1.200 bazkide eta 400 federatu ditugu bertan. Nire ardura dira jardunaldiak eta egun bateko txangoak eta aste bukaeretako, Aste Santuko eta udako irteerak. Horrez gain, bertan egiten diren ikastaroen eta azaroko kultur ekintzen arduraduna naiz Basaurin.

Eta nolatan EMFko lehendakarigai izateko aukera?

Taldeari iazko bigarren seihilekoan bururatutako ideia bat izan zen. Zerbaitetan lagundu genezakeela pentsatzen hasi ginen, gure Bizkaiko Federazioa albo batera utzi gabe. Azken urteotan EMFko zuzendaritza taldean izan naiz, Bizkaiko federazioko presidente gisa. Pentsatzen dut badakidala bertan zein berrikuntza egin daitezkeen; betiere, jendearen parte hartzearekin eta lurraldeko federazioen eskaerei kasu eginez.

Zein izango da zuen egitasmo nagusia?

Egitasmo nagusia mendiko kirolari indarra ematea da, eta, mendizaleek aukera ematen badigute, beharrezkoak diren aldaketak egingo ditugu, gure ezagutzarekin eta ardurarekin, hain maitea dugun mendiari indarra emateko.

Nortzuk osatzen duzue lantaldea?

Lantaldea hiru herrialdeetako mendizaleekin osatua egongo da. Berezko lau karguei beste bi postu gehiago gehitu nahi dizkiot. Horiek eta lurralde bakoitzeko presidenteek osatuko lukete zuzendaritza taldea, arautegiak agindu bezala.

Hauteskundeak irabaziz gero, ba al duzu asmorik kargua hartu eta berehala aldaketa handiren bat egiteko?

Gu hautatuz gero, gaur egungo zuzendari teknikoak lanean jarraitzea gustatuko litzaiguke. Baita haren iradokizunek garrantziahandiagoa izatea ere. Horrez gain, orain arte federazioan aritu direnekin lanean jarraitzea gustatuko litzaiguke: boluntarioak, mendi lasterketetako lantaldea, eskikoa, epaileak... Horiek guztiek askotan ez dute behar besteko esker onik jaso. Gure asmoa euskal mendizaleek berriro ere ilusioa berreskuratzea da.

Zer hartu beharko luke aintzat jendeak zuen aldeko botoa emateko orduan?

Aldaketak beti dira beharrezkoak. Hasteko, federazioa osatzen duten kide guztiekin batzartu beharko dugu, haiei entzuteko eta haien eskaerak aintzat hartzeko. Erabakiek zentzudunak izan beharko dute. Kontuan hartu beharko ditugu mendi taldeak, hautatzaileak, epaileak, kirolariak, Pyrenaica aldizkaria... Mendizaleek ez badute sentitzen zuzendaritzako jendea haiengandik gertu dagoela, eta, batez ere, komunikazioak huts egiten badu, ez dute inoiz EMFko arduradunengan sinestuko. Ezinbestekoak dira gertutasuna eta gardentasuna .
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.